Agustin Kardaberaz

 

JUSTUEN ISPILLU ARGIA

 

 

 

 

Fitxategi hau “liburu-e” bildumako alea da,
liburu elektronikoen irakurgailurako prestatua.
 
Liburu gehiago eskuratzeko:
             
http://armiarma.com/liburu-e

 

 

 

 

 

Iturria: Euskal lan guztiak, Agustin Kardaberaz (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1974

 

http://klasikoak.armiarma.com/

 

Egileari buruzko informazioa:

       http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00366.htm

 

 

JUSTUEN ISPILLU ARGIA

SANTUEN ERRETRATO BIZIA

 

Santutxo gazte biren, S. LUIS, ta S. ESTANISLAOREN miragarrizko bizitzaren berrion laburrak

Eta santutxo gozo bien bederatziurrenak: gazteen probetxurako Jesusen Konpañiako A Agustin Kardaberazek ematen dituenak. 1764 urtean.

Bear dan bezala.

Iruñeko Antonio Castillaren etxean.

 

 

SARRERA

Santu bien antza, gaindiak, edo egzelenziak

 

       Luis, ta Estanislao Jesusen Konpañiako joia preziatu biak, egun batean kanonizatuak, edo aldareetan ifiñiak, lurreko aingeru garbiak, zeruko inozenziaz, ta birtutez ederki janziak, dira gure Konpañian, arako Salomonen Tenploan portiku, edo atariko leorpea beren gañean zeukaten koloma, edo pillare biak. Biak dira arako Relijioaren Santa Santorum barrenean sarturik zeuden serafin biak: beren amorezko egoak ainbeste zabaldu zituztenak: Arka misteriosoa estaltzen zutenak: eta Jauna adoratu, ta zeruko konpañia gloriosora ariñ bolatu zutenak. Biak dira gure Konpañiak lenengo ofrendatu zituen proposizioko ogi biak, edo bere seme santuen doaiezko ta birtutezko primizia sagraduak.

       Biak Jaunaren graziazko marabilla andiak, beren bizitzan aiñgerutzat lurrean iduki ta ezagutuak, ta orañ zeruan santutzat adoratuak. Biak munduan nobleziarik andienekoak, ta, antziñako andi-etxeetako semeak: Estanislao Poloniako Palatinoetakoa. Luis Italiko, prinzipe soberanoetakoa. Biak txikitatik espiritu garbiakin zeruko usai suabea alde guzietara banatzen zutenak. Biak lore eder zurigorri, lur gaisto onen arantza latzen artean jaio, agertu, ta aziak. Biak, seglare zirala ere, relijiosoen bizitza egin zutenak. Biak Ama Birjiñaren dei klaroaz, Jesus bere semearen Konpañiara deituak. Biak ditxa ori logratzeko arazo, pena, ta neke gogorrak ikusi, ta igaro zituztenak. Biak beren aide poderosoetatik, ta orien munduko kariño itsu, ta gerra biziagatik Jainkoari zer ofrezitu asko izandu zutenak. Biak beren emezortzi urteronz gure Relijioa onratu zutenak. Biak Eleiza birtutez beren bizitzan, ta mundua milagroz eriotzan bete dutenak. Biak bata bestearen ondoren lurrean jaioak. Estanislao zerura igo zan urtean, Luis jaio, edo agertu zan lurrean. O zeruko izan argi, santu pare eder, ta paregabea!

 

 

SAN LUIS. GONZAGA GAZTEEN ISPILLUA

 

 

Santuaren erretratoa, ta pribilejioak

 

       San Luis izan zan aurtxo alde guzietara prodijioso bat, eta S. Joan Batistak bere amaren sabelean alegriazko saltoak eman zituen bezala, Luisek zeruko joia eskojituak bezala amari sabelean sentitu zuenetik, birtuteen amorezko señaleak eman ziozkana.

       Luis izan zan aurtxo Jainkoaren eskuak bere kontura artu zuena, eta jaio baño ere len. Munduan sartu nai ezpalu bezala, Jaunaren grazia bidera irteten ezpazitzaion, eta Espiritu Santuaren doai ori bateoko ur garbian artzen ezpazuen. Ala graziazko erremedio dibino onek Luisen, ta bere amaren bizitzak irrisku anditik libratu zituen.

       Luis izan zan aurtxo Espiritu dibinoaren sugar bizi, suabeak bezala, besoetan artzen zutenen biotzak bereala debozio gozo batean irazaki, ta urtutzen zituena.

       Luis izan zan santu bat Jaunaren argia artu ezkero, gorputz, edo aragia, aflijitzeko baizen, zuela etziekiena.

       Luis Job santuaren gisa izan zan, andreri arpegira ez begiratzeko legea bere begiai agindu ziena: bai eta andrearen gereizetik iges egitea ere erakutsi zuena.

       Luis izan zan ondo gazterik, etxeko Prinzipadua, ta Koroa bere burutik kendu, ta Jesu Kristoren oñetan utzi zuena.

       Luis izan zan Jesus maiteari biotzeko laztan estu bat emateko, bere ondasun, da anditasunak, senideak, eta gurasoak, bai ta orien memoria ere, pozik larga zituena.

       Luis izan zan, Relijioan añ umill sartu baño ere lenagotik, zeruko inozenziaren, ta lurreko penitenziaren erretrato bizi bat, munduko penetan, ta bere gorputz garbiaren arki al zitzan tormentuetan, martiri miragarri bat egiñik, bere Jaunaren amorez, ta miñez beti iltzen bizi izan zana.

       Luis izan zan jirasol eder bat, Jesus bere eguzki dibinoari amoriozko sakramentuan, lurreko goraberen artean beti jiraka jarraitu ziona, ta bere biotz guztia Jesusen Biotzak ebatsi ziona.

       Luis izan zan Ama Birjiñaren semerik erregalatuena, bere dei amorosoaz gure Konpañiara erakarri, ta emen sartu, ta sortu zuena.

       Luis izan zan karidadezko martiri eskutatu prodijioso bat: bada karidaderik fiñenaren ezpata zorrotak izurri, edo pesteaz iltzen ziranai laguntzen, Luisi bizia kendu, ta betiko bizira, edo zeruko gloriara bialdu, edo aldatu zuen.

       Luis izan zan prinzipe gai doatsu bat, anziñako bere gurasoetatik noblezia, ta ondasun andiak zituena, ta ariñago zerura igotzeko oriek utzi, ta andik bere ondorengo aideak noblezia, onra, ta ondasun andiagoaz bete zituena: eta azkenik ditxa andiaz, S. Luis, ta S. Estanislaoren aideak odol batekoak egin ziran.

       Bere eskutikako doai estimagarri oiekin bere Luis Jainkoak señalatu, ta gure Relijiora bialdu zuen. Len, da gero onen bizitzan jende gazte, ta kristau guzienzat egiazko santidadearen berariazko ispillu, edo imajina bizi bat, Jaunak gure begien aurrean paratu nai zuen. Eta egia esatera, santuen artean, bear bada asko izango eztira Luisen gisakoak, edo erraz, ta guztientzat, birtuterako traza ederrago, edo molde egokiago diranak, S. Luis txit suabea, ta txit maitagarria dan baño.

       Santu onen bizierari kanpotik, edo agiri zan azalari begiratzen badiozu, mundukoen begiak betetzen dituen gauza andirik ikusiko eztezu. Giza artean ots asko, ateratzen duten egiteko nabarbenetan S. Luisek jardun etzuen, bada gaztea, edadearen  lorean zeruak eraman zigun. Baña Jaunaren graziak prestatua bezala, bere bizi laburrean, ta egunoroko gauza txikietan santidade andi baten modurik egokiena beti gorde zuen: Luisen birtutea etzegoen gauza andi asko egitean, baizen bere estaduko gauza txikiak espiritu andiaz egitean. Espiritu dibino barrengo erregla zuzenaz gobernatu zan: argatik filigranazko birtute fiña, mea, ezkutatu, barrenkoia onen bizia izan zan.

       Zeruko lezio, ta bearren au Luisek ematen dizu: zure debozio, ta obra santuetan munduaren begietatik iges egiten erakusten dizu: santidadea eztala kanpotik, ezpada barrendik, edo biotzeko intenzio garbi, ta amorio santuan dagoela. Kanporonzko obra andiak barrengo espiritu ori gabe, anima gabeko gorputza bezala dira. Zure ditxa eztago gauza andiak agirian egitean; ezpada egunoroko gauza txiki jakiñak, zure estaduak beti daraman ori, Jainkoak ala nai duelako, ondo egitean: zure lan, edo bear guzietan, lurreko trabaju, ta gurutzeak, Jaunaren izenean eramatean: zure projimoak, ta are geiago zere burua sufritzean.

       S. Luisen espiritu suabea beti bat, berdiña, guzian igo ala izan zan: bere borondatea guzian ukatu, edo mortifikatu, ta Jainkoarena guzian billatu, ta egitea: Jesusen antzeko espiritu nas-gabe, garbi, umill, ezkutatu, gozo, maitagarria izan zan. Luis Jesus maitearen biotzean beti bizi zan: or bearren dan pazienzia, ta amorezko lezio ori ikasi zuen: orrietan firme beti egon zan. Zu seguru, ta bentaja andiakin salbatzeko bearren dezuna da santuak bezala, zure burua egunoroko guzietan ukatu, zure estaduko gurutzea egunoro artu, ta Jesus onari biotz guztiaz jarraitu: onen begietan, onen ondoren beti ibilli. Beste gabe S. Luis denbora gutxian, ogei ta iru urterekin alako santidade altura igo zan añ goiz, añ laster, añ ariñ Jaunak eraman zuen, eta bere egun andi señalatuan, edo orañ Jesusen Biotzeko solemnidadea zelebratzen degun egunean.

       Onetan S. Luis kristau guzien ejenplar, edo traza paregabea izan zan: eta zuk irakurlea, Jainkoaren aurrean aitzakiarik eztezu, Jesusen Biotzeko eskola onetan beraren antzeko amore, pazienzia, ta lurreko goraberen artean, santuaren animako igaldade, sosegu, ta pakea ez ikasteko. Pake au gabe lurrean gauza onik izango eztezu: munduko bullizioen artean, Jaunaren pake ori arkituko eztezu. Onen espiritua paketsua, edo pake zalea da, ta Jesus ezkutatuaren biotzean, ta zure barrenean, S. Luisek bezala arkituko dezu.

       Orregatik, bere biotzeko kutun, edo prenda estimatua bezala Jaunak bere onra, ta gloria andiaz zeruko prinzipeen artean koroatu zuen, eta santu añ miragarria zeruan da lurrean egin zuen. Aita Santuak ere admirazio andien artean S. Luisen inozenzia, intenzio, ta amorio miragarriaren espiritu birtutez apañdua, ta onen milagro guziz asko, ta andiak ikusirik, alabantza, ta pribilejio txit partikularez onratu dute. Estudianteen ejenplar, eta patroi egin dute: eta beste santuak ez bezala, bere sei igandeetako debozioa S. Luisi egiten diotenai sei egun orietan induljenzia plenaria eman die. S. Luis suabe gozatsuaren debozio au gure alde oietan sartu da. Ejerzitante asko santu onen bizitza, milagroak, ta Jesusen Biotzari zion amore, ta debozioa irakurri, eta txit onen debotoak geratu dira. Au euskaldunak jakin dezaten, santuaren bizitza eman nai diet.

 

 

San Luisen jaiotza, ta aziera

 

       San Luisen gurasoak izan ziran Don Ferrante Gonzaga, ta Doña Marta Tana. Aita Erromako Inperio Sakroan prinzipe exzelentisimoa, eta Españako Grandea, ta ama palazioko dama, ta erregiñaren konfianzarik andieneko kutuna zan. Oiek Madriden, errege Don Felipe, ta Doña Isabel erregiñaren txit kontentu andiaz, ta biak Apaidin zirala ezkondu ziran, eta Trentoko Konzilio sagraduaz batean Españan lenengo eginzan ezkontza, au izandu omen zan: ta Doña Martak ezkontza Jainkoaren gustora egiteko, meza asko Trinidade Santisimoari, Espiritu Santuari, Ama Birjinari, ta aingeruai esan erazo zituen. Ezkontza egin zanean, gogo txit santu bizi bat artu zuen, andik aurrera biotz guztitik Jainkoa serbitzeko.

       Erregiñak Doña Marta berekin nai zuen, baña pena andiaz bazan ere, onra, joia, ta erregaloz beterik erregeen estimazio andian, Madridtik beren markesadura senar emazteak joan ziran, ta beren estaduak gobernatzen asi ziran. Emen Doña Martak bere pake, ta bakarrean Jaunari biziro erregutzen zion, arren eman ziozala seme bat bera Relijioan osoro serbitzeko, ta guztia Jainkoarena izateko. Onen orazioa aditu zuen Jaunak: eta ama bere semean ditxarik andienekoa egin zuen. Bera Relijioan serbitzeko Luis eman zion, eta amak gure Konpañian sartzeko lagundu zion, ta andik laster bere sabeleko seme maitea santu egiñik ikusi, ta aldarean adoratu zuen. O ama paregabea, ta bear bada bigarrenik munduan izandu eztuena! Amak bere semea aldarean ikustea.

       Ditxa andieneko ama onek zazpi ume egin zituen, eta nagusiena, lenijaio edo primua gure Luis izan zan: au jaiotzeko eguna etorri zanean, alako doloreak artu zuten, non medikuak etsirik zeukaten, ama, ta umea erremedio gabe ilko zirala. Doña Martak bere eriotzako estuan, senarraren lizenziarekin Loretoko Ama santisimari, promesa egin zion bere etxe santura joango zala, baldin libratzen bazuen. Boto au egin da bereala aurra jaiotzen asi zan, ta ill zedin bildurrez, emagiñak lasterka bateatu zuen, eta Jainkoaren grazia artu zuen bezala, Luis erraz jaio, ta ama sendatu zan: eta onek bere semea Gurutze santuaren señaleaz armatu zuen, eta Jaunaren bendizioz bete zuen.

       Bere Luis maitearen aziera amak txit bere kontura artu zuen, eta lenengo itzak, Jesus Maria esaten, gero ziñatzen, da orazioak berak erakutsi ziozkan. Txikitatik onela azi, ta Luisen debozio, modestia, ta Jaunaren bildurra etxekoak beti ikusi zuten; eta aurra besoetan artzen zutenak bereala barrengo debozio gozo bat sentitzen zuten: eta askok au gero juramentuaz seguratu zuten. Pobreai txit asko nai zien, eta al zuen limosna egiten zien. Bera ia zibillenean askotan Oratoriora joan, eta erretiroan sartu oi zan. Santuaren señale oiekin, da amaren konsuelo andiarekin Luis azi zan.

       Lau urtetik aurrera aitak soldaduen artera eraman zuen: eta an polboraren artean peligro andietatik Jaunak libratu zuen. Geroago, zer esaten zuen etziekiela, soldaduai aditutako itz libre, edo izkuntza txar batzuek eransi zitzaiozkan. Baña bere aioak abisatu zuen ezkero, sekulako utzi zituen: eta lotsa, ta bildur txit andia artu zuen. Luisek bere maisu, edo konfesoreari Erroman esan zionez, aren bizi guztiko kulparik andiena au izan zan, ta onegatik negar asko egin zuen.

       Zazpi urtera zaneko Luisen animari Jainkoak argi andi bat eman zion bera ezagutzeko, ta biotz guztitik amatzeko: ala puntu artatik, pribilejio andiaz, Jaunari betiko bere burua agindu zion. Luis ezagutu zuten gizonik andien, ta jakinsuenak, Jaunaren argiaz esan zuten, Luis beti santua, edo Jainkoaren grazian  konfirmatua izandu zala. Eleiza batean luis zegoela gaizkiñak esan zuten: ara aurtxo bat: ark bai zerura bear duela, ta gloria andia izango duela. Au aditu ta guziak arritu ziran, ta Castellon guzian deabruen esan  ori banatu zan. Santua bezala, bere amandrearen aldean, ta bere aioaren mendean azi zan. Gero aio onek kontatzen zuen, Luisek, bere bizian, ark agindu zion gauzarik utzi etzuela, edo aren esan guzia beti egin oi zuela.

       Orduko Luisek Ama Birjiñaren ofizioa, ta beste debozio asko belauniko errezatu oi zituen. Emezortzi illa betean kuartana gaisto batzuek igaro zituen, baña Jaunaren erregaloak bezala, pazienzia txit andiarekin: eta orregatik bere ejerzizio santuak, beti egiten zituen. Nola amandreak askotan esan oi zuen, nai zukeala txit, seme bat guztia Jainkoarena Relijioan izatea: Luisek beñ batean esan zion: Amandre: ori askotan esan oi du. Bada ni izango naiz seme ori. Gaztetxoa zan orduan, baña ori gero ikusi izan zan. Denbora artan markes Don Ferrante gerretatik bere etxera biurtu zan, eta Luis ta Rodulfo bere semeak Florenziako Kortera eraman zituen.

 

 

San Luisen bizitza Florenziako kortean

 

       Duke andiak bere palazioan estimazio guziaz irurak artu zituen, ta markesa joan da ere, seme biak berekin iduki nai zituen. Baña aitak orien aziera onagatik, ta estudiorako, dukearen gustoko etxe batean, Aingeru kalean, beren aio, maiordomo, ta maisu sazerdote ejenplar batekin ifiñi zituen. Bederatzi urte Luisek zituen, da urte bi luze an egon zanetan, latinez ikasi, ta bere buru egokiaz txit aurreratu zan. Jai egunetan palaziora joaten zan, eta aioari gusto emateagatik, noizean beñ joko onestoren batean dibertitzen zan. Baña dukesak oi zion gero, berak, eta bere aizpa Doña Maria, Franziako erregiña gero izan zanak gazteak zirala, jardin, edo palazioan dibertitzera Luis konbidatzen baldin bazuten, onek esan oi ziela, bere debozioetan egon naiago zuela.

       Emen Ama Birjiñaren debozioan txit aurreratu zan Anunciada esaten dan imajina guziz Florenzian beneratuaren aurrean, eta are geiago, gure padre batek Ama Birjiñaren debozioko  atera zuen libru batekin. Au irakurri, ta amorez irazaki zan; eta beñ libruarekin zegoela, luisen biotza argi bero bizi batek artu zuen. Ama Birjiñaren seme izateko deseo santu onekin, aren aldare aurrean, birjiña guztien erregiña imitatzeko, ta bere birjinidadea osoro beti gordetzeko Jainkoari boto egin zion: eta ama santisimaren eskuetatik Luisen ofrenda preziatu, au, ta onen kastidadearen lore ederra txit bere gustora artu zion, da beraren graziaz santuak pribilejio miragarriaz gorde zuen: eta gorputz gabea baliz bezala, ez onen, ta animaren tentaziorik bere bizian izan etzuen.

       Baña orregatik ere Luisen modestia alakoa izan zan, non andreri arpegira beñere begiratu etzion: ta bere gelan zegoela, baldin amak mandaturen bat damakin bialtzen bazion, lasterka, Luis kanpora erteten zan, ta begiak lurrean josi, mandatu, aditu, ta gelan itxitzen zan. Txikiago zala egin zuena geiago da: prendetako jokoan beñ zebiltzala, penitenzia Luisi eman zioten, an zebillen dama, edo aur baten gereizeari apa, edo musu ematea. Baña Luis arritu, ta ikara, ta lotsa andi bat artu, ta iges joan zan, eta sekulan guziago alako jokotara, ta ez bestetara biurtu etzan, eta argatik bere garbitasun ederra osorik beti gorde zuen. Florenziako aita erretorearekin bere konfesio jenerala egin zuen: ta bere konsuelo andiaz Jaunari bere burua agindu, ta inklinazio ta pasio guziai gerra bizia egiten asi zan, ta logratu zuen.

       Amabigarren urtera zijoan Luis eta aitak Mantuara eraman zuen, ta gaitz andi batek artu zuen, ta dieta andiarekin kuratu zan: arraultza bat jatea gauza andia zeritzan, ta bere etxera biurtu, ta orrela debozioz prosegitu zuen. Jainkoak bere espirituaz gobernatu, ta bere kontenplazio altu batean sartu za. Gure aita Canisio maisu andiaren orazioko libru batean erreglak ikasi zituen: eta Jesus onaren Pasioko pauso, ta misterioetan suabidade andiaz negarrez  uztutzen zan, ta are geiago mezan konsagrazioa ezkero: eta doai  onek beti iraundu zion. Bere burua, gogo ta naiak espirituko indarraz beti ukatzen zituen: munduko gauzak ezer ez bezala oñpean zeuzkan, eta guztiro Jaunari emana bere orazio, ta penitenzia arrigarrian bizi zan.

       Onetan S. Carlos Borromeo bisitadore apostolikoa Luisen errira etorri zan: eta Luisek egin ziozkan bisitetan santua onen anima preziosoan Jainkoak erakutsi ziozkan doai andiaz guziz admiratua, ta konsolatua gelditu zan: San Carlosek txit asko animatu zuen, ta aingeru bat bezala prestaturik bere eskutik lenengo komunioa Luisi eman zion, ta konseju ere bai, aurrera sarri komulgatzeko: ala egin zuen, ta egunero sakramentu dibinoaren amorioan geiago irazaki izan zan. Casal zeritzan erri batera aitak deitu zuen, eta Luis ibai andi baten erdian igarotzen zala, kotxea puska bi egin zan, ta erdia zaldiak eraman, da Luis, ta bere aioa beste puskan urak eraman zituen. Baña nola Jainkoak añ berea zuen Luis, milagroz bezala zur andi batek gelditu, ta libratu zan.

       Beste beñ oian gaxo zegoela, debozio bat egiteko argia artu zuen, ta ori akabatu orduko, bere doloreakin loak artu zuen, eta argitik oia su andi batek. Aingeruak bere Luis esnatu, ta jaiki zaneko bonbonada izaugarri batekin oia erre zan: eta santua, Jaunaren faborea alabatzen gelditu zan. Onela bere ejerzizioetan bizi izan zan urte oietan. Amairu urtekoa zala, ta araño ezer egin ezpalu bezala, bizimodu berria artu zuen. Guztia zan erretiroa, guztia zeruko kontenplazio, ta guztia arrigarrizko penitenzia. Beti txit gutxi jan oi zuen, baña barau gogorrak, astean iru, ta ostiraletan ur ta ogi, ta au ere gutxi: disziplinak egunoro, ta gero iru bider  egunean, guztiak odolezkoak. Lo gutxi, ta gabak ere orazioan: eta erri aietan izotz arrigarriak egiten bazituen ere, oietik jaiki, ta alkandora utsean belauniko, edo argalez, lurrean auzpez orazioan egoten zan. Jainkoak daki bere gorputz birjinal garbia nola tormentatzen zuen.

       Denbora onetan Doña Maria Enperatrizari laguntzen Madrida Luis bere gurasokin etorri zan: eta Erregek Luis, ta Rodulfo, prinzipe Don Diegoren paje, edo menino egin zituen. Onek beñ balkozean Luisekin zegoela, aize gogor bat zeren asi zan, enfadatu, ta esan zion: aizea, nik agintzen dizut, geldi zaiteala. Orduan Luisek juizio, ta grazia onarekin: Jauna, esan zion, berorrek gizonai agintzeko eskua badu; baña elementuai ez: oriek Jainkoari obeditzen diote, ta besteak bezala berori aren legeen obedienzian dago. Luis kortean, da palazioan, Relijioan, edo eremuan bezala bizi zan, betiko bere penitenzian, da orazioan: onetan lau, ta bost ordu egoten zan, ordu bat bederik batere diberti gabe, bete artean. Egunoro Enperatriza ikustera joaten zan, baña sekulan arpegira begiratu etzion. Bere orduetan prinzipearekin kunplitu, ta Logika estudiatu zuen: eta Eskritura sagradua gogo ta debozio andiaz irakurten zuen.

 

 

Nola Jesusen Konpañiara Ama Birjiñak Luis deitu zuen,
eta santuaren trabajuak

 

       Bere ejerzizio santuen artean, mundua utzi, ta Jainkoa obeto serbitzeko deseo andietan Luis sartu zan: eta zeruko argia, ta Jaunaren borondatea seguru logratzeko Ama Birjiñagana biurtu zan. Bere prinzipe Don Diego orduko Jainkoak eraman zuen, eta palazioko arazoa kendu zion. Asunzioko fiesta andia zetorren, ta egun orretarako, penitenzia, ta orazio askorekin prestatu zan ama santisimari aziertoa eskatzeko. Egun orretan konfesatu, ta komulgatu, ta graziak ematen zegoela, bere biotz guztiaz, ta Ama Birjiña bitarteko zuela, Jaunari bere borondatea egiteko bidea, ta grazia eskatu zion: eta Ama maiteak txit klaro otsegin, ta esan zion, Jesus bere semearen Konpañian sartzedilla, ta len baño len; eta bere konfesoreari  kontu eman ziozala. Zeruko mandatua pozik artu, ta bereala egun artan guztia konfesoreari esan zion, ta bere amandreari guztia kontatu zion: konfesoreak eranzun zion, deseoak Jainkoarenak zirala, baña aitaren lizenzia gabe, ezin izango zala.

       Amandreak debozio guztiaz zeruko mandatua aditu zuen, eta biotz guztitik, Ana santak bere Samuel maitea bezala, bere Luisen ofrenda Jaunari, bera serbitzeko egin zion: eta amak berak Luisen bokazioa aitari kontatu zion. Onek naigabezko aserrerik andiena artu zuen, ta penaren pasioz nork daki zer esan, ta zer egin zuen. Bere Luis preziatua Jainkoaren doaiez, ta prenda ederrez apañdua ikusi, ta lurreko amorioaz bere etxearen onrarako munduan nai zuen. Jainkoak bai, ta bestek eztaki, Luisek alde onetatik eraman zuena. Eliza santak, ta S. Luisen bizitzak diote, iru urteko gerra bizia tormentu, ta martirio modu gogorrak pasatu zituen: itz gutxian, ez eta askoan ere, ezin esan diteke, zer naigabeak, zer penak, zer aldarteak, zer goraberak, zer jornadak, edo araonako ibillerak, zer gizon andi askoren egsaminak, pruebak, zer tentazio, ta persekuzioak, zer peleak, zer lanze, ta tranze latzak, ta zer gurutze tristeak eraman zituen.

       Aita markesak beti atzerapenak ematen ziozkan: amandreak berriz bere Luis seme santua guziz estimatua bazuen ere, Jainkoari agindua bezala, konseju oneko Ama Birjiñaren esana egiteko aurreratzen zuen. Onela S. Luisek bere santidade, pazienzia, negarrezko orazio, ta odolezko diziplinakin geroenean aitaren biotza bigundu zuen. Bere Jesus maitea txit estu artu zuen, ta negarrez orazioan urtutzen zan, ta odolezko azotekin bere gorputz inozentea desegiten zuen. Etxekoak, baita kanpoko jaun batek, ere zirrikaitu batetik, beren biotzetako penaz beterik au guzia ikusi, ta aitari kontatu zioten: au gotaren miñaz ezin ibilli zan, ta silla batean zirrikatura eraman zuten, ta Luis bere seme santua santo Kristo baten aurrean bere burua azotez puskatzen ikusi zuen. Luisi deitu, ta gelan sartu ziran, ta lurra odol inozentez beterik arritu, ta ikusi zuten.

       Aitari biotza erdiratu zitzaion, ta deitu, ta pena andiaz bazan ere, bere bendizioa, ta Konpañian sartzeko lizenzia eman zion. Luisek bere animako gozorik andienaz  Enperadorearen baiezkoarekin, bere prinzipadua, ta estaduak Rodulfo bere anaiari, larga ziozkan. Markesak berak, gure aita Claudio jeneralari guzia eskribitu zion, eta onek Luis erromara deitu zuen. Aitaren, da amaren bendizioa artu, ta bere basalloai konseju santuak eman, ta Erromara igaro zan. Aita Jeneralaren oñetara lasterka joan zan. Erromako estazio santuak ibilli, kardenal bere aideak ikusi, ta Sisto Aita Santuaren oñetara joan zan. Onek Luis prinzipe santua amorio guziz andiarekin artu zuen: eta aren zeruko deia, ta deseo santuak asko alabaturik, bendizio apostolikoa eman zion: eta Luis aingerua Konpañian sartzeko prestatu zan.

       Santa Katalina egunean Aita Jenerala, S. Andresko nobiziadura joan zan, ta patriarka Gonzaga, gero kardenal izan zanak meza eman, ta Luis komulgatu zuen, eta aita Claudiok bere eskuz janzi, eta Konpañian artu zuen. Gloria bizian Luis sartu zan, ta zerukoa bezala egun ori beti zelebratu zuen. Nobiziaduan santuago izatea gutxi kosta zitzaion; bere lekuan bezala, ejerzizio santuen zentro artan arkitzen zan Konpañiako erregla santuetara, maisu onak asko, laguntzen ziola, bereala egin zan, ta Jainkoaren borondatea guzian egiteko, obedienzia bere neurri segurutzat artu zuen. Lenengo utzi zuen erropa guztia odolez betea zegoen: eta padre batek esan zion: emen obedienziak orazio, ta penitenziak laburtuko zituela. Luisek, aitortu zion: orañ egiten ditudan penitenziak nere etxeko, edo lengoen aldean ezer eztira. Baña esan zuen: obedienzia zeruko ontzi seguru bat da: ta ontzian ainbeste dabill geldirik dagoena, nola bear asko egiten duena. Eta orra nere kristaua, zure borondatea ukatu, ta Jainkoarena egitea zer dan.

       Penitenzia andiak, oitu nola, eskatzen asi zan; baña maisuak largatzen etzion. Ur ta ogi barautzeko lizenzia beñ eskatu, ta eman zion. Santuak txit gutxi jan zuen: ta mortifikatzeko maisuak esan zion: bigarren maiera joan, ta besteak bezala jan zezala. Jaten jarri zan, ta batek esan zion: ori ere kontu ona degu, barautu bearrean, mai bietan jatea. Santuak farraz eranzun zion: ni astotxo baten gisa, baña beti Jaunarekin: aren borondatea au da. Egun asko zan nobizio zala, ta A, erretorearen asientoa errefitorian zeñ zan etziekien. Masti batera nobizioak joan oi ziran: beñ batean beste batera joan ziran. Lagun batek esan zion: ea etxe au, edo besteetako obea zeritzan? Santutxoak eranzun zion: nik uste nuen, lengoa bera zala. Beste beñ galdetu zioten, zenbat senide zituen: eta Luis mundukoaz azturik zegoena bezala, akordatzen etzan, eta eranzuteko senideak kontatzen asi zan. Munduko berririk etziekien, ta aiderik ezpazuen bezala, Jesusen Biotzean beti bizi zan.

       Denbora onetan Luisen aita Jainkoak deitu zuen, da Jaunari graziak eman ziozkan, eta amandreari konsolatzeko ori bera eskribitu zion, zeren aita gurea, zeruetan zaudena obeto esan zezakean: eta ama semeak, eta guztiak zuten, Jauna zergatik alabatu. Markes ori lengo onrak, jokoak, jolasak, eta lurreko gauzak utzirik, Luis Konpañian sartu zanetik, txit trukatu, ta Jainkoagana biurtu zan guztia, ta seme santuaren ejenplo, ta orazioakin, konfesio jeneral andi bat egin, ta Luisen Santo Kristoa arturik, ari guztia zor ziolako, biotzeko damu, deboziozko negar, ta animako konsuelo andiaz ill zan.

       San Luis umildade, ta munduko desprezioan, ta birtute guzietan txit aurreratu zan, ta nobiziadua igaro, ta botoakin zan guzia, Jaunari konsagratu zan. Estudioetan txit kontuz zeruko doaiakin, jarri zan, ta Filosofia guztiko funzio andi bat txit ederki, ta agudeza miragarriaz iduki zuen. Aktu nagusi onetan beste askoren artean bi kardenal, Gonzaga, ta Robere, Luisen osabak presente egon ziran. Luis aingerua ala ikusi, ta pensa diteke bien atsegiña nolakoa izango zan. Teologian sartu, ta Santo Tomas, ta Sant Buenaventurak bezala, orazioaz estudioa asitzen zuen, ta bere Jesus maitean guzia ikasten zuen. Munduko aldarteak dutena, onenean A, Jeneralak bere errira, ta Mantuara, egiteko andi batzuetara bialdu bear izan zuen, eta leku guzietan miragarrizko santidadearen ejenploak eman zituen.

       Castellonen fiesta txit andiakin, beren jauna bezala Luisek nai ezpazuen ere, basalloak artu zuten. Enperadorearen izeba Doña Leonor santak bere kariño gustiaz laztanga Luis artu zuen; baña bere amandrea orretara atrebitu etzan, eta santua bezala bere biotzeko semea belauniko artu zuen; Eta Luisek erreberenzia, ta amorio guztia, amari bezala erakutsi zion. Mantuako kortea, ta erri aietako jaunak zeruko etxizo zoragarri batek bezala sekulako enkantatu zituen bere santidade, ta prenda eskojituakin, ta zeren ikusi zuten, duke andia Luisen aingeru modu ta grazia egokiak guztiro irabazi zuen, ta nai zuen guzia logratu, ta bere estaduak pakean utzi zituen. Orobat Rodulfo bere anaiaren ezkontzako arazoetan logratu zuen, ta Jainkoarentzat zuzendurik anaia, ta aideak ifiñi zituen.

       Bere amandreak esan, ta jai bispera batean probetxu andiko sermoi bat predikatu zuen: eta biaramonean etxekoak, eta zazpi-eun anima konfesatu, ta komulgatu ziran. Santua bere estudioetara biurtu zan: eta ill baño urte betez lenago Jainkoak txit beregana jaso zuen. Bere kontenplazio altuan zegoela argi andi batean adierazo zion, ta ikusi zuen laster ill bear zuela. Abiso onekin Teologiako laugarren urtean sartu zan, ta zeruronz suak, eta garrak aren biotza artu zuten. Lurrean zegoela zeruan bizi zan: eta zenbat zentro onen alderago anbat amorezko gar aldi biziagoak eman zituen. Beti arrobaturik, beti Jesusen Biotzean sarturik bizi zan. Komunio batetik bestera egunoro obeto prestatzen zan. Aingeru bere adiskideen, ta Ama Birjiñaren debozioan urtutzen zan, eta gozoro zeruko gloriaren, eta bere eriotzaren gañean itz egiten zuen.

 

 

S. Luisen eriotza preziosoa

 

       Urte onetan Italian, ta are geiago Erroman gose andia, ta eriotza asko izan ziran. A, Jenerala, ta guztiak ospitaletara pobreai laguntzera zijoazen. S. Luis bere karidadeaz gaxo apestatu, edo izurrizkoak serbitzera bereala ofrezitu zan, ta besteak onen ejenplora. Prinzipe andi Luisen adiskide bat Aita Satuagana etorri zan: eta lizenzia eskatu, ta erropa zar bat, eta bere alforja artu, ta jaun ori ikustera joan zan: onek Luisen ejenplotik animaren probetxu asko atera zuen, eta santuari bere pobreentzat limosna andi bat eman zion. Lastima gogorra zan, ainbeste pobre erio egiñik ikustea; eta anima ortzetan zutela, oñen gañean ezin egon, ta illak erorten ziran. Ango kiratsak naskatu, ta ill zezakean; baña Luis karidade gozoz beterik guztiak garbitzen, oiak, eta bear zan guzia egiten zebillen: eta zenbat, eta atiago, Luisen poza geiago. Onela zerurako deseoakin zebillela, Marzoaren irugarrenean, gaxo lastimagarri bat S. Luisek besoetan artu zuen, ta bereala gaitza erantsi zitzaion.

       Erromako juezak au ikusi ta esan zuten, S. Luis karidadearen martiri bere burua egin, da illtzala. Santuak peligroa ikusi, ta zerurako gogo andiak artu zituen, eta geiegi ote ziran eskrupuloa egin zuen, eta galdetu, ta bere konfesore aita Belarminok esan zion: Jainkoarekin bat eginik egoteko deseoak santuak zirala, aren eskuetan guzia largatzen zala. Zazpigarren egunean gaitzak txit azpiratu zuen, ta sakramentuak debozio, eta edifikazio guziz andiaz artu zituen, orazio guziai eranzunaz, ta kolejioko guztien pena gogorraz.

       Egun onetan ogei ta iru kunplitzen zituen, eta etsi zan zerura zijoala. Baña merito andiagorako, ta ejenplo eder asko emateko epe luzeagoa eman zion Jaunak, eta geldika desegin zan. Izurri andiagoaren bildurrak ziran Erroman: ori aditu, ta Luisek aita Jenerala ikustera etorri zitzaionean lizenzia eskatu, ta baldin Jaunak osasuna ematen bazion, gaxoai laguntzeko boto andi bat egin zuen. Kardenal jaun bere aide biak askotan Luis ikustera zetozen, onen zeruko platikak aditzera, ta beren animen probetxu andirako. Amandreari zerurako despedidan karta bi, ta aiek alakoak egin ziozkan. Zeruko abisoak edo rebelazioak iduki zituen. Egun ditxazkoa alderatu zanean nola prestatu zan esatea erraz ezta. Zer umildade, pazienzia, debozio, ta amorezko ejenplo ederrak eman zituen? Azkenik diziplina bat artzeko, ta lurrean iltzeko lizenzia eskatu zuen.

       Jesus kruzifikatua bere besoetan, ta biotzean zeukan beti. Aita Belarmino bere konfesoreari galdetu zion: Purgatoriora gabe zerura zuzen iñor igotzen zan? Bai, eranzun zion: eta orietatik bat zu izango zerala, deritzat. Bereala Luis arrobatu, ta gozaldi andi batek eman zion: eta zeruko argi bizi batean ango gloria ikusi zuen, eta txit luzaro: bere eriotzako egun, da ordua jakin zuen, ta esan zuen bezala, ikusi zan. Askok esaten zion, zerura igotzen zanean Jaunari enkomendatzeko: eta santutxoak ia an zegoenak bezala txit pozik, baietz agintzen zien. Errebelazio ori ezkero, zortzi egun aietan glorian zegoela zirudien. Korpuseko oktaban askotan esan zuen: gau onetan ill bear det. Biatiko santua eskatu, ta, aita erretorearen eskutik bere Jesus maitea artu zuen. Aita Santuak kontuz galdetu zuen Luis nola zegoen, eta propio motu berez bendizio apostoliko bialdu zion.

       Kolejioko guztietatik txit alegere, ta laztanga despeditu zan: eta gauerdian, Jesusen Biotzeko eguna sartzen zala, ta Jesus gozoro esaten zuela, aingeru bat bezala pakean, ta ill ezpaliz bezala, zerura joan zan, ogei eta iru urte, iru illabete, ta amaika egunekin, bagillaren ogei ta bat-garrenean. Zerurako eriotza prezioso au ikusi zuten padreak beren biotzetako debozio gozo batez beterik geratu ziran, eta erregalo onek asko iraun zien. Santuaren edozeñ gauza relikiatzat artzen zan eta. Estudianteak orretan asko aurreratu ziran, eta ateak itxierazo ziran. Aita Jeneralak dispensatu, ta Luisen santidadeagatik, kaja batean, Sto, Kristoaren kapillan gorputz santua ifiñi zan. Erroman, ta leku askotan santuaren fama banatu zan, ta debozio andiaz aren sepulkrora egunoro ta jende geiago zetorren. Ango gizonik andienak, obispoak, ta kardenalak, batez ere Belarminok, eta Baroniok Luis santutzat predikatzen zuten.

       Aita Santuak berak esan zuen, ditxosoa zala Luis, zeren glorian kontentuz beterik zegoen. Ala Santa Maria Madalena Pazisek rapto andi batean Luis zeruan ikusi ta esan zuen: Luis Ignazioren semea, santu andi bat zala, ta esan al baño gloria andiagoa zuela. Luis martiri ezkutatua izandu zala, eta bere burua martiri egin zuela: gloria ori guzia Luisek zeukala, zeren Jesusen Biotzean, ta bere barrengo amoriozko ejerzizioetan bizitza ezkutatua egin zuen. Santuaren bizitzako libruak atera ziran, ta beraren debozioan jendeak txit berotu ziran. Milagro señalatuak egiten asi zan. Baña nondik, edo nola? O Luisen pribilejio paregabea. Munduak bear bada sekulan ikusi eztuen moduan. Nongo santu miragillek bere amarekin zerutik lurrean milagrorik egin du? Bada S. Luisek zerura igo, ta lenengo egin zuen milagroa, bere amandrearekin egin zuen: eta oni asko zor bazion, ondo pagatu zion.

 

 

S. Luisen milagroak

 

       Markesa amandrea eriotzko gaitz andi batek artu zuen, eleizakoak egiñik, medikuak etsi, ta utzirik, biotzeko estuaz iltzen zegoen; eta orra non S. Luis bere seme gloriosoa etorri, ta nere ama txit maitea, esaten ziola, konsolatu, ta bereala sendatu zuen: eta amairu urteko biziza eman zion. Beste gauzen artean esan zion, berak utzi zuen prinzipadua, ta etxea zenbat faborez Jainkoak beteko zuen, ta aurreratuko zan. Guzia Doña Martak bere osasunan, da amairu urteetako bizian ikusi zuen. Bere sabeleko seme Luis; bere sabeleko Luisen relikia adoratu, ta aren festako prozesioa, meza, ta sermoia enzun zituen. O ama semeen ditxa, ta gloria esan al baño andiagoa.

       Bere koñata Doña Elena bizitza santa baten ondoren illzeko zegoela, S. Luis zerutik etorri, ta esan zion, andik iru egunera, ta zer orduz zerurako presta zedilla, ta ala iltzan. Bere anaia Don Franzisko fabore andiz bete zuen: eta Luis ezagutu zuen Aita Santuak oni esan zion: badakit, prinzipea, bizitzaren peligro andietan arkitu zerala ta guzietatik Jainkoak marabillaz atera zaituela. Baña zer milagro, Luis zure anaia santua zeruan zure fabore, ta bitarteko badezu. O zure ditxosoa prinzipea, ta guziz ditxosoa! Onela Aita Santuak debozioz, ta negarrez beste gauza asko esan ziozkan. Gero S. Luisen bizitzak dionez egunoro milagro andiak egin ditu bere estaduetan, Austrian, Polonian, ta mundu guzian: eta gorputzetako osasunan egin dituenak andiak, eta asko badira, milagro espiritualak, edo arimen fabore egin dituenak andiagoak dira. Orien artean marabilla bi luzaro iraun dutenak laburtxo badere kontatu nai ditut, zeren milagrozko aralde eder bat izandu diran.

       Bata Ubolfango zeritzan Babierako batekin. Onek sazerdote egin, ta Jainkoa serbitzeko deseoz, estudioak asi zituen, ta txit gogotik. Baña burutik berako andi batek begietara eman zion, ta itsuturik gelditu zan: erremedio asko, ta luzaro egin, ta guzia alferrik izan zan. Denbora onetan itsuaren lagun batek S. Luisen lanparako olio gutxi bat ekarri zuen, ta onen milagro andiak bien maisuari kontatzen asi zan: itsuak zion, A S. Ignazio, S. Xabier, S. Luis, ta S. Estanislao agertu zitzaiozkala, ta S. Luisen debozio andia artu zuen.  Konfesatu, ta komulgatu, ta A Jorge Espaigero bien maisuak olioaz begietan emateko prestatu zan. Olio milagrosoa eman, ta begietan, ta animan suabidade andi bat sentitu zuen. Bigarren egunean olioaz eman, ta zorne, edo umore ori izugarrizko balsa andi bat begietatik  bota zuen. Irugarrenean egin, ta Ubolfango oñaze gogor batzuek bere kordetik ateratzen zutela eman zioten. Bere estuan S. Luisi deadarrez, ta biotzetik deitzen ziola, sosegatu zan, ta bertan bere lengo bista oso garbiarekin gelditu, ta irakurten asi zan.

       Milagro au  beren begiaz ikusi zuten testigu guziakin bereala S. Luisen aldarera joan zan, bere milagrozko bista santuari agindu, ta graziak eman ziozkan. Monja bat itsuturik zegoela baziekien, ta olio piska bat bialdu, ta bere milagroa gastigatu zion. Au monjak begietara orduko bere bista osoarekin, S. Luis alabatzen gelditu zan. Baña santua gelditu etzan bere milagroetan. Ubolfango kanonigo egin zuten: bista osoa zeukan baña estudiatzeko buru argala. S. Luisi fede osoarekin estudiatzeko burua, ta grazia eskatu zion, ta bereala eman zion, ta ondo, ta asko ikasi zuen, santuaren faborez. Bigarren milagro au, ta beste gauza andiak S.Luisen bizitzak dakartzi. Bere S. Luis adoratzera Erromara bakarrik, biotzeko debozio guztiaz joan zan.

       Ereje galdu batzuek bidean topatu, ta orietatik bat lotsa, ta bildur gabe, Jaunaren ofensan gaizki esaka asi zan: Ubolfangok alegiña egin zuen, baña orduan blasfemoa gaistoago. Orduan bere S. Luisi eskatu zion, ereje infame ori isillerazo zezala: santuari eskatzea, ta erejea zalditik erori, ta bordoieko iltzea, oñean sartzea, guztia bat izan zan. Zeruko kastigu onekin odolez ustu, ta kuratzen bidean geratu zan, ta bera S. Luisekin joan zan. Andik laster laugarren milagroa.

       Baso txit itxi, ta lapurtegi batean zijoan; ta bildur andi batek eman, ta estutu zan. Nere S. Luis, esan zion: baldin libratzen banazu, etxean dedan guztia zurea da, ta kapilla bat, zillarrezko zure bultoarekin egingo dizut. Au esatearekin orra non sei lapur basotik irten, da zuena kendu, ta loturik basoan utzi zuten. Nere S. Luis, non zera, esan zuen, onela uzten nazu? Orduan santuak: Zer naizu? Eta lapurrai: zer da au? nor zerate? Eta sei lapurrak guzia utzi, ta arriturik joan ziran. Nik lagunduko dizut bidezko santuak esan zion, ta ala egin zuen. Ostatuetan txit erregalatzen zuen, ta bideetan zeruko jolasak, eta Jainkoaren alabanzetan zijoazen. Onela Erroman sartu, ta S. Luisen sepulkrora eraman; eta, gero artean, esan zion.

       Ubolfango S. Luisen amorioz urtu, ta bere biotzetik graziak ematen egon zan, ta angoa egin, ta S. Luis lagun zuela etxera txit ondo biurtu zan. Bereala kapilla, ta zillarrezko estatua egin ziozkan: eta Inglestadion beste bulto eder bat. Oiek egin, ta peregrinoa bezala bigarren aldian Erromara joan zan, eta S. Luisi bere faboreakgatik, zuena, ta zana guztia eman zion. Sazerdote egin da meza esaten zegoela, S. Luis etorri, ta esan zion, bere kriaduetatik bat lapurra zala, ta zer egin zuen: ta erremedia zezala. Baña atrebitu etzan. Bigarrenean S. Luis aserre bezala etorri, ta esan zion bereala, bereala erremediatzeko; bestela anaia etorri, ta lapurra illko zuela. S. Luisek esan zion bezala, diru andia ostu zuen kriaduak, ta bereala bialdu zuen. Anaiak diruaren falta ikusi, ta lapurra ill nai zuen. Baña S. Luisen fabore ta milagroa aditu ta sosegatu zan.

       Beste mutil bat lizenziarekin, ta bere lagunakin festa batera joan, ta ardoak edo deabruak artu ta biurtu zan: ezpata artu, ta etxekoak ill bear zituela zebillen. Ea, zaude geldi esan zion Ubolfangok, bestela nere S. Luis zure kontra da. Esan da egin. Bertan gaitz andi batek artu, ta ilzer zan. Baña S. Luisi eskatu, ta beste milagroa egin zuen. Ea, ondo zaude: jaikizate: zoaz S. Luisen aldarera, barkazioa eska zaiozu: konfesezazu zure pekatua, ta komulga zaite an, ta S. Luisek osasuna emango dizu: ta ala egin, da eman zion.

       Eleizaren etsai deabruzko Gustabo bere tropakin etorri, ta Landisuto Ubolfangoren errian kalte asko egin, ta bera preso eraman zuen: txit aflijitu zan, ta meza esaten zegoela S. Luisek esan zion: ni zurekin izango naz. Gaitz asko ikusi bear dezu; baña zoaz. Mandatu onekin joan zan sazerdote debotoa. Baña erejeak Augustan egin zioten tratu gaistoarekin, trabaju andi luze batek artu, ta iltzeko egon zan. Berrogei ta amabi sangria ito etzedin, egin, da etsi ta medikuak utzi zuten. Baña zeruko bere mediku S. Luisi deitu, ta bertan sendatu zuen, jaiki, ta meza esan zuen; baña debozio txit andiarekin, ta irugarrenean Erromara joateko promesarekin: ala kunplitu zuen.

       Medikuak ikustera joan, ta arriturik zeuden: S. Luisen milagroa ikusi, ta milagroz baizen ezin sendatuko zala, gaitzaren relazio luzea, santuaren onrarako batak eman zion: bestea judua zan, ta eman nai etzuen; baña Ubolfangok esan zion: emazu testimonioa; bestela begira nere S. Luisen kastigua; nere gaitzak, edo andiagoak zure kontra or dira. Au aditu, ta sinistu, ta S. Luisen milagroa probatzeko sei kartapazio eskribitu zituen. Obispoaren aurrean guziak pasatu, ta bere oriekin Erromara irugarren aldian joan zan. An bere biotzeko S. Luis adoratu, ta testigu guzien esanak ofrendatu ziozkan. Bere etxera ondo biurtu, ta pulpituan, ta platika guzietan S. Luis maitearen marabillak predikatzen bizitu zan: ta onen debozioa mundu guziari emateko libru bat atera zuen, aingeru S. Luis nolako goarda, ta patroi ongillea dan erakusten zuela. Eta orra milagroa franko, edo kanonigo onen bizitzan betiko milagro bat.

       S. Luisen beste onen gisako, ta betiko milagroa da, irin famatuaren geitura, monja pobre batzuekin txit luzaro egin zuena: fama andiko irin milagrosoa, ta txit leku askotara eraman, ta marabilla guziz asko ta andiak egin dituena, S. Luisen bizitzan luzaro kontatzen da.  Napolesko dendari pobre batekin egin zuen milagroarekin nik akabatu nai det. Onek berrogei dukat zor zituen, ta txit pobre, ta estu zegoen; S. Luis eguna zan, ta eleizako atean aren imajina ikusi, ta non zan etziekela esan zion: ai bada, nere santutxo ederra! Ta zor onetatik ni libratuaz, zer galduko zenduke zuk? Beste gabe aurrera joan zan. Biaramonean pobreen lekura zijoala bik esan zioten: etxera zoaz: zure zorra jesuita gazte batek pagatu du. Ala zan, ta arriturik galdetu, ta S. Luis nor zan, ta zer milagro andiak egiten zituen, jakin zuen. Pobre onekin andiago are egin zuen. Bere nekeen artean deabruak tentatu, ta galtzera zeramala, S. Luis agertu, ta esan zion: ori deabrua da, ta ni zu libratzera etorri naz. Egunoro bost Pater-noster, da Abe-Maria erreza zaizkidatzu: eta debozio  onekin pobretxoa S. Luisen alabantzak kontatzen bizi izandu zan.

       Iru prinzesa, Cintia, Olimpia, ta Gridonia, Rodulforen alabak, ta S. Luisen illobak izandu ziran, santak bezala bizi, ta ill ziranak. Oiek osaba santuari jarraitzeagatik, lurreko ezkontzak, eta ondasunak utzi, ta beren birjinidadearen lore ederra Jesus beren esposoari konsagratu zioten. Gure kolejioen gisa Jesusen kolejio bat egin zuten, eta S. Luis beren osabaren anparoan beste señora askorekin santidade andian bizitza akabatu zuten. Ogeita amar urte ta geiago igaro, ta iruren gorputzak osorik arkitu ziran. O S. Luisen illoba, ta imitatzalle ditxosoak! O Luis gozatzu miragarria! O Luis maitetsu, ta maitagarria! Arren alkanza zaguzu, zure penitenzian, zure animako martirioan, zure biotzeko igoaldadean, Jesusen biotzeko amorioan, Ama Birjiñaren debozioan, ta beste birtuteetan zuri jarraitzeko grazia: bizitza santu bat zure ondoren lurrean egiteko, ta zurekin, gure Jauna zeruan beti alabatzeko. Amen.

 

 

 

SAN ESTANISLAO KOSKAREN BIZITZA

 

       San Estanislao San Jacinto gloriosoaren aideetatik, edo odoletik zetorren. Biak Poloniako joia prezioso onragarriak. Biak beren aingerutasunean elkarren antz ederrekoak. Biak Ama Birjiñaren seme estimatuak. Biak Relijio berri banatan, beren, ta orien ditxa andirako sartuak. Jacinto bere Relijioan artu zuen Santo Domingo gloriosoak, eta Estanislao S. Franciscu Borja andiak.

       Nobizio biak Poloniako, ta orien artzalle biak gure Españako onra paregabeak. Jacinto, ta Estanislao antz andikoak: ta ez bakarrik lurreko sustrai batean; bai ta ere zerukoan: ez bakarrik beren santidade, ta bizitzan; bai ta ere zeruko sustraiean, edo eriotzan. Biak aingeruen Erregiña, bien ama maiteak zerura deitu zituen, ta abiso gozo onekin biak ill, edo zerura igo ziran: ara Ama Birjiña igo zan egunean; biak bere Koroazioko egunik andiena zelebratzera eraman, ta bere semeak bezala onraz, ta gloriaz biak koroatu zituen.

 

 

S. Estanislaoren jaiotza, ta aziera

 

       Santuaren aita, Joan Koska, ta ama Margarita Krioska, beren noblezian jakiñak, eta berdiñak izan ziran. Bost seme izandu zituzten, ta gure Estanislao, beste Benjamin bat bezala, atzenekoa. Onezaz Margarita aurdun zanetik, prodijio andiaz bere sabel gañean Jesus izen dibinoa, kolore gorri eder biziaz, eta giran raio, edo erreñu argiaz apañdua, ta josia ikusi zuen; Jesus maiteak aren sabeleko frutua bere Konpañiarako markatu zuen: eta onela Estanislao mundura etorri baño ere lenago zeruak señalatu zuen. Au jaio zan gurasoen gazteluan, urriaren ogei ta zortzigarrenean, eta milla ta bosteun ta berrogei ta amargarren urtean: eta bereala Pranizko ziudadean, ta S. Adalbertoren parrokian bateatu zan.

       Emen zeruko beste marabilla bat ikusi zan. Bateo santuko grazia betiko artu zuenean, aita pontekoak aurra besoetan artu, ta zeruko inspirazioz, ta debozio guziaz aldare nagusira joan, ta bere Estanislao Jainkoari biotz guztitik agindu, ta konsagratu zion. Aingeru onen ofrenda zeñ gustoz Jaunak artu zuen gero ondo ikusi zan: bada kosako Eleizaren etsai gogorrak sartu ziranean, parrokia oni su eman, da guztia erre zan; ezpazan santutxoa bateatu zan pontea, ta aldarea zeñean Jaunari konsagratu zitzaion: biak prodijio andiaz libratu ta konserbatu ziran.

       Jainkoaren seme preziosoa bezala gurasoak Estanislao azi zuten, eta arrazoiaren usora laster etorri zan, edo diotenez Jainkoak ori bere eskuan, ta kontura zeukanak bezala, aurreratu zion. Zierto dakiguna da, Estanislaok berak Erroman gero esan zuena: arrazoiaren argia bere biotzean sentitu zuenean, lenengo egin gauza izandu zala, argi dibinoaz Jainkoa bertatik ezagutu, eta bere anima, biotz guztitik betiko eman, ta Jaunaren borondateari konsagratzea. Prodijio au nola izandu zan, ta ofrenda eder ori nola Jainkoak eragin zion, santutxoak obeto daki orañ glorian, orduan lurrean baño. Santuaren inozenziatik, ta beraren bizitzan ikusten degunetik dakiguna da Jaunak Estanislaoren anima eskojitu zuela, ta bere jakintasunaren etxe edo tenplo bizi egiteko, doai dibinoaz apañdu zuela. Aurtxo gozo oni zazpi pillare bezala, txikitatik zazpi pribilejio andi Jainkoak eman ziozkan.

       Lenengoa: anima guziz eder garbi bat Jaunaren graziazko inozenzia beti gorde zuena.

       Bigarrena: berariazko argi dibino bero bat, Jainkoa ezagutzeko, amatu, ta serbitzeko, ta aren borondatea beti egiteko.

       Irugarrena: zeruko atearen, da ondasunen giltza, zeña dan orazioaren doaia, fabore guztiak orrekin alkanzatzeko.

       Laugarrena: santisimo sakramentuan Jesus amorosoa ezagutzeko, ta biotz guztitik adoratzeko, ta amatzeko egarri bizi bat.

       Bostgarrena: Ama Birjiñaren seme, laztan gozoaren marka, ta biotzeko debozio txit irazaki erregalatu bat.

       Seigarrena: bere traza eder egoki, ta modestia birjinalaz batean aingeruaren kastidadea, onen da beste birtuteen zeruko usai txit suabea zekarrena. Gure aurrari begiratzea, ta deboziozko pensamentu garbiak edozeñi ematea, guztia bat zan.

       Zazpigarrena: birtuterako bezala, jakinderako, berariazko gaia Espiritu Santuak egin zuen: ala beti edo geienean orazioan bazegoen ere, aingeruen jakinde zerutik emanikakoa bere estudioetan iduki zuen: laster txit, eta argiro gauzak ikasteko, ta bear zuena ondo jakiteko grazia Jainkoak eman zion.

       Jaunaren fabore, ta doai señalatu oiek agertu, ta ikusi ziran Estanislaoren bizieran: ala begizko testiguak bezala, santutxoa serbitu zuten kriaduak, eta Aioak gero aseguratu zuten. Bere natural on egokiagatik, bere gurasoakiko, ta beste guztiakiko txitez estimagarria izandu zan: ta estimazio au beneraziora laster igaro zan. Edertasuna, autoreak diotenez, giza semearen baño geiago zan, edo aingeruarena zirudien; ta ori modestia pare gabearekin. Jaun andi asko gaztelura etorri oi zan: baldin orietatik iñork maian edo bestela Jainkoaren ofensako jolas, edo izketaren bat esaten bazuen, bereala santuaren aita jolas ori ebakitzera erten oi zan. Ea, Jaunak, ez orrelako gauzarik esan da ez onara ekarri. Emen dago gure Estanislao, ta onen adiskide izan nai duenak, ez orrelakorik onen aurrean esan. Bestela biotzeko miñez, korde gabe, edo arrobaturik geldituko da.

       Ala zan, ta orren jakiña etxean, santutxoak Jaunaren ofensako gauzak eriotza baño ere geiago sentitzen zituela; eta orrelako jolas itsusietan illa bezala geratzen zala. O aingeruzko inozenzia! O gazteentzat zer ejenploa! Eskola ondo ikasi, ta Gramatikan aurreratzen zan. Orduan Austriako Vienan asi zan gure Seminarioaren berrionak, eta fama andia banatu zan, eta aitak Estanislao bere anaiarekin ara ondo azitzera, bialteko animoa artu zuen. Amak bere Estanislao txikiari zion kariño andiagatik, ori joatea nai etzukean. Baña nola gurasoen obligazio estuena dan, beren umeak Jaunaren bildur santuan ondo azitzea, aitaren arrazoiak amak ondo artu zituen.

       Adierazo zion ondo, beren umeen kontu ona Jainkoari emateko, zer ditxa andia zan, oriek Seminarioan seguru, ta Jainkoak nai duen bezala gizongai egitea. Munduko ondasun guziak baño, aziera onak geiago balio zuela; eta onetan lurreko ondasunak gastatzea, Jainkoaren borondatea egitea, ta zerua irabaztea zala, eta orretako berak ematen zituela. Au guzia Margaritaren piedadeak ezagutu, ta baiezko eman zuen: ta Paulo, ta Estanislao joateko prestatu zituzten. Seminarioko legeak agintzen zutenez, kriadu bana, ta aio kanonigo bat, ta bear zan guzia eman zitzaion, eta anaia biak joan ziran.

 

 

Santuaren bizitza seminarioan

 

       Vienako kortera biaje on bat egin zuten, ta Seminarioan sartu, ta bereala Estanislaok bizimodu santu bat asi zuen. Jainkoaren tratua, ta estudioko jarduera santuaren betiko ejerzizioak izan ziran. Jainkoarekin erretiroan, gizonakin bullan baño, naiago zuen jardun. Gau, ta egun orazioan pozik egongo zan; baña Jaunaren borondatea egiteagatik bera utzitzean, baziekien, obeto bera arkitzen zala. Bere maisuai guztian obeditzen zien, ta onetan guztien ejenploa zan: lagun guzientzat berdiña, ta guztiakin igoal gozatsua, edo afablea. Santuaren espiritu, edo barrena agertzen bereala asi zan: eguzkiaren argi guziak baño argiago ta ederragoak ziran aren birtuteen ejenploak, ta zeñ Jainkoaren faborezitua zan, guziak zekusten.

       Onetan seguratu ziran geiago begiz ikusi zuten marabilla batekin. Santua Jainkoarekin luzaro egon, ta libru deboto batean loak artu artean, irakurten egon oi zan. Gau batean lo andi batek onela artu zuen, ta argiak oia irazaki, ta guzia erre zuen. Baña santua gordetzeko gelako lagun bat aingeruak esnatu zuen: au deadarka asi, ta sugarren artetik Estanislao libratu zan. Su ori itzali zanean, lagunak begiratu, ta librua, ta oieko erropa zan guzia auts egiñik ikusi zuen, ezpazan Estanislaoren gorputzak betetzen zuen lekua: orobat almoadetan guzia erre, ta burua egon zan lekua osorik. Lagun zintzoak santuari begiartu zion, zerbait erre ote zan; baña illetxo bat ere falta etzuela arkitu zuen. Testigu onek prozesoetan juramentuaz ala seguratu zuen.

       Santuari bere birtuteen ejenploakgatik txit asko nai zioten, eta onen orazioaz guztiak arriturik zeuden. Askotan aingeru bat bezala, kordegabe belauniko airean arkitzen zuten, eta elkarri deitu, ta ikustera joaten ziran: ots egin, da tiratzen zioten: baña santua zeruko estasisean gelditzen zan: eta berak beñere jakin etzuen, lagun guztiak Jaunaren fabore, ta erregalo oien begizko testigu zirala. Txikiago zala ere orobat izan zituen, ta estasis oien testigua Aioa izandu zan. Onenean, Jainkoak ala nai, ta guztiak Seminariotik irten bear izan zuten, eta Paulo anaiak senadore baten palazioa bizitzeko artu zuen: jaun andi au ereje itsu bat zan.

 

 

Santuaren bizitza seminarioaz kanpora

 

       Palazio onetan, eremuan bezala, aparteko gela batean bere Jainkoarekin Estanislao bizitu zan. Orazioa, ta penitenzia gogorrak aren egiteko bakarrak ziran: eta orregatik, ta zeren Paulo, ta Aioa bestela bizi ziran, ta orien jolas, fiesta, ta peligroetan santuak ibilli nai etzuen, biak agitz persegitzen zuten.  Ereje desditxadu onen etxean eraman zituen tormentu gogorretan, Jainkoa, ta bere ama santisima santuaren anparo seguruak izan ziran. Jakiña zan, estudiora baño len, ta ori akabatu ta bereala, etxean orazioan ezpazegoen, gure eleizan, Jaunarekin atsedeten: ta gozatzen, edo etxeko pelearako armatzen arkituko zala. Orregatik anaiaren, da etxekoen gerra bizia egunoro, ta andiago zan.

       Gaizki esaka pisuetatik eskuazko tratu gaistoetara igaro zan, eta anaia galduak, Jainkoaz azturik, zeren munduko gauzetara Estanislao ezin arrastatu zuen, arrastaka, ta golpeka erabiltzen zuen: eta Aioak santua anparatu bearrean, aren kontra deadar gogorrekin biurtzen zan. Tormenta desegin onetan orazio geiago, ta penitenzia andiagoak egiten zituen. Fiesta zoro, ta jolasetara besteak bezala zijoala, anaiaz esaten zion. Baña santu jakintsu edo aingeruak eranzun oi zion: «Ni ez naz lurreko gauzak gozatzeko; ezpada zerurako egiña». Onela Jaunarekin bere erretiroan pozik arkitzen zan. Neke pisu oietan, tratu gaistoen, ta penitenzia arrigarrien artean Jainkoak bere santutxoa gaitz andi batekin probatu zuen, erregalo andiagoak gero egiteko.

       Gaitz orrek txit azpiratu zuen, ta añ biziro, non da aren biziaz etsi zan: eta bere Aioak gau ta egun, amar egunean aren buruko aldetik aldegin etzuen. Ori baño len anaiak, ta onek txit aflijitu zuten, ta deadarka esaten zioten, berak zuela kulpa, bere barau, ta rigore eragabeakin ala eriotzara bere burua ekarri zuela. Iltzeko zorian zegoen: bere Jesus amorosoa biatikotzat, edo zeruko biderako artu nai zuen. Eskatu, ta artzeko alegiñak egiten zituen; baña alperrik; bada luterano itsuak nai etzuen. Desgrazia onek, ta anaiaren, ta aioaren peligroak, bere gaitzak baño ere geiago estutzen zuten. Naigabe onetan deabruak aren anima garbian parte edo lekurik etzuela ikusi, eta arzanora, edo zakur amorratu itsusi baten figuran etorri, ta santua ito nai zuen. Baña gurutzearen señaleaz bereala kendu zuen: bigarren, da, irugarren aldian infernuko zakurra agertu zan; baña bere Jesus onaren armakin bereala ondatu zuen.

       Santuak eleizakoak nai zituen. Lurreko desengañua ikusi, ta bere ama santisimagana biurtu zan, zeren onen debozio, ta amorioaz bizi zan. Ama Birjiñaren kongregazioko estudiante nobleen prefekto, edo buru Estanislao zan, guztien artean estimatuena bezala. Birjiña Sta. Barbara dute bigarren bitartekoa, ta Estanislaok urteko Santa zuen: ta onen egunean debozio guztiaz konfesatu, ta komulgatu zan eskatzen ziola sakramentuak arturik, bere anima Jaunari emateko faborea. Eriotzako estutasunean ori bera santari, ta Ama Birjiñari eskatu zion, ta bereala aditu zuten.

 

 

S. Estanislaoren zeruko erregaloak

 

       Orazio au egiten zegoela ikusi zuen, nola santa Barbara birjiña ederra aingeruakin batean zetorrien, ta aingeru batek Estanislao komulgatzeko santisimoa bere eskuan zekarren.  Zeruko glorian bazegoen bezala, santua animatu, ta prestatu zan, eta aioari esan zion: belauniko jarri zaite. Aingeruak ni komulgatzeko gure Jauna dakarte. Aioak arriturik iru bider: Domine non fum dignus, aditu zuen: aoa idikitzen, ta itxitzen ikusi zuen. Santua zeruko soseguan geratu zan, fabore argatik bere biotzean eskerrak Jaunari ematen: eta orra bertan grazia, ta fabore berria.

       Aingeruen erregiña bere seme dibinoa besoetan zuela etorri zitzaion, da Jesus bere semea Estanislao maiteari erregaloz bere eskuetan eman, da utzi zion. Luzaro erregalatu, ta esan zion: ene seme Estanislao, Jesus nere semearen Konpañian sar zaite. Bi fabore paregabe oiekin gloria bizian gelditu zan: eta bertan zeruko osasuna, ta indarra artu zuen. Ama Birjiñaren esana bereala egin nai zukean: alegiñak egiten asi zan, da bere konfesoreari kontu eman zion. Baña etxe andietako semeak Jainkoa serbitzeko, edo Relijioan sartzeko arazo, ta enbarazo andiak oi dituzte. Ala Estanislaok alde guzietatik, ta gurasoen errespeto, ta bildurragatik izan zituen.

       Ate, ta bide guztiak itxirik ikusten zituen, ta alegiñik bizienak egin ezkero, padreak artuko etzutela an ezagutu zuen. Bitartekorik poderosoenak ere etzioten balio. Orduan biotz guztitik Jainkoagana biurtu zan, bere orazio luzeago, ta penitenzia andiagoakin: barau, ta azotez bere gorputz inozentea desegiten zuen: ta bere pena, ta deseoen artean, Ama Birjiñaren esana egiteko, boto andi bat Jaunari egin zion; eta biaje, ta neke guztien kostuan bazan ere, Konpañian sartuko zala. Etxeko gerra bizia beti bezala, eta Paulok jakin zuenean, lengo penitenziak berrirotu zirala, tratu txarra, ta gaistoa ematen zion. Onezaz, Jainkoak lagundu ta iges egiteko, ta munduaren kabuan bazan ere bere botoa kunplitzeko bide segurua santuak artu zuen.

       Egun batean Paulo txit aserre, ta agitz gaizki esaka zegokiola, zeruko resoluzio batekin Estanislaok esan zion: «Nik eztakit anaia bat orrela tratatzeko, zer motibo dezun. Nik alerik ematen eztizut: eta alere begiz ezin ikusi nazu: azkenean zure begietik iges egitera obligatuko nazu: ta gero nere aitari, ta amari zuk kontu eman bearko diezu». Paulok, alakorik izango etzalako, utzi ta aldegin zuen. Baña santuak Jaunari txit gogotik erregutu, ta padreen kartak artu, ta paper bat eskribitu, ta aioak ikusteko libru batean utzi zuen. Peregrinoaren soñeko bat prestatu, ta ixiltxorik bere biajea egiteko animoa artu zuen. Konfesatu, ta komulgatu zan: ta gau guzia orazion igaro, eta egun sentian etxetik irten zan.

       Aingerua lagun zuela, egun artan gure amalau legoa ibilli zan. Era onean pobretxo bat topatu zuen, da ari bere soñeko ederrak eman, da peregrino janzi zan. Etxean nola agiri etzan, ta ez kolejioan, da ez errian, Paulori esan zion arrazoietik, ta santuak lagun on bati señalatu zion paperetik ezagutu zuten, Alemanian Konpañian sartzeko modurik ezin arkitu, eta Augustaronz joan zala. Paulo ta senadorea, aioarekin kotxe batean sartu, ta zaldiak itotzeraño arin jarraitu zioten. Santutxoa  zijoan lekura allegatu ziran, ta emen marabilla bi ikusi ziran. Bata: santua nola peregrino janzia zijoan, ikusi, ta ere ezagutu etzuten; eta berak ezagutu zituen. Jainkoagana bere anparoaren eske biurtu zan: eta orra non zaldiak ez atzera, ta ez aurrera bertan gelditu ziran.

       Beste marabilla: peregrino santuak iges egiteko, alde batera artu zuen, ta zijoan bidean ibai andi bat igaro bear zuen. Kamareroak arriturik ikusi zuen, nola santutxoa leorrean baliz bezala urtan ibaiean zebillen, ta igaro zan. Prodijio oiek ikusi, ta etsirik, ta itsuturik bezala guztiak etxera biurtu ziran; eta santua Augustara igaro zan. Bidean erritxo batean eleiza idikia arkitu zuen, eta meza enzun, ta komulgatzeko  deseoakin bere ustez sartu zan. Baña luteranoa zala, laster ezagutu zuen. Orien desditxazko Jaunaren ofensakgatik, ta zeren meza, ta komunio santua ezin zituen, negarrari eman zion, ta bere biotzeko deseoak Jaunari erakutsi ziozkan: eta orra.

 

 

S. Estanislaoren zeruko erregaloa

 

       Santua orazio onetan zegoela, fabore, ta erregalorik andiena artu zuen. Zeruko ministro, edo aingeru asko zetozela ikusi zituen. Batek santisimoa, edo komulgatzeko forma zekarren, ta Estanislao nola ederki prestatua zegoen, reberenzia andiaz komunioa eman zion, eta aingeruak bere ditxa guztiarekin utzi zuten. Santuak bere biotz guztiko graziak eman ziozkan, eta janari dibinoak indarrak emanik biderako animatu zan. Aita Kanisio probinziala arkitu, ta kartak eman ziozan. Dilingako Seminarioan, nobizio, edo kriaudurik umillenaren ejenplo ederrak eman zituen, eta jesuita gazte birekin S. Franzisku Borjagana Erromara bialdu zuen, ta bere lagun ditxosoakin, ara allegatu zan. Irureun legoaren aldean oñez, ta nekez gure peregrinoa ibilli zan; baña guzia pozik bere deseo santua kunplitzeagatik.

       Erroman bere burua S. Borja jenerala besoetan ikusi zuenean, aren biotzeko gozaldia nork esan dezake? Irugarren egunean, zeñean amazazpi urte betetzen zituen jeneral santuak gure Konpañian santutxoa artu zuen, eta nobiziaduko erreglak erakusteko lagun eman zion duke Atriren seme Claudio Aquaviva, ogei ta amalau urtean gero jeneral izandu zana. Onek S. Franzisku Borjari esan zionez, berak, eta lagun guztiak, santutxoan zer ikasirik asko izandu zuten. Jaunaren eskutik egiña bezala relijioko ejerzizio guzietan besteen artean señalatzen zan.

       Bere bokazioko espiritu, ta indarra probatzeko, tentazio asko ta andiak izan zituen: eta Relijiotik ateratzeko ala kariñozko, nola aserrezko aitaren kartak: eta jaun andi baten bisita aitzakian batetik, eta bestetik gerra bizia. Guztiai modestia, ta errespetoaz, baña zeruko resoluzio sendoaz eranzun zien, ta Jaunaren graziaz munduko tentazio, ta arazo guztietatik libratu zan; ta bere zentro edo zeru bizian bezala santua arkitzen zan. Guztirako egokia bezala, guztian ederki sartu, ta erteten zan: bere santidadeagatik guzientzat txit on iritzia, ta txit onetsia zan.

       Comandini kardenala bere adiskide andi Estanislao ikustera etorri zan: bere kariñoak zekarren. A, erretoreak gaztigatu zion, kardenal jaunari obra gaistorik, ez egiteagatik, bereala zetorrela. Santutxoa sukaldean ontziak garbitzen ari zan, ta zegoen bezala zazpi zatarrakin arin joan zan. Ea ala zetorren, erretoreak esan zion. Santuak eranzun zion: bereala etortzeko esan didate, ta obeditzeagatik, nengoen bezala etorri egin det. Beste beñ Claudio, ta Estanislao kozinariak egur eske bialdu, ta esan zien: onenbeste egur bakoitzak ekarzute. Estanislaok bereak kontatuak artu zituen. Lagunak esan zion: ariñak dira, ta sukaldean falta egiten dute: geiago eraman ditzagun. Santuak orduan: nik ez geiago: falta ori Jainkoak erremediatuko du. Naiago det nik obeditu, ta Jainkoaren esana ondo egin. Onela munduaren desprezioan, umildade, ta obedienzian aurreratu zan, ta txit mea, ta puntuala izandu zan. Oien, da beste birtuteen ispillu bizi bat lagunak santuan zekusten. Relijioso luzaro izandu baliz bezala, aren pobreza munduko pobreena beti ikusi baliz bezala. Aren kastidadea pribilejiatua, aragi, edo gorputzik ezpazuen bezala; ta ori bazuen, bakarrik zuen, bere gorputz inozentea, barau, azote, zilizio, ta beste penitenzikin urratu, ta desegiteko. Aren modestia aingeru antzekoa, ta orrela tratu guztia. Estanislao ikustea zeruko serafin bat aragiz janzi, edo estalirik lurraren gañean ikustea zan.

       Sakramentu dibinoaren, da Ama Birjiñaren debozioan, esan al baño geiagokoa zan: bien amorioz erretzen zan, ta bien miñez beti iltzen bizi zan. Bietatik zer faboreak, zer erregaloak, zer suak, eta garrak, zer bisitak, zer argi dibino, ta estasis gozoak! Jesus, ta bere ama maitearen amorez irazaki, ta urtutzen zala santua, guztiak ziekiten. Alako biotzeko suak askotan ematen zioten, non da kordegabe gelditzen zan, ta ill etzedin zapi ur otzetan bustiakin aren biotzari sokorru eman bear zitzaion. A. Manuel Sa zijoan beñ Estanislaorekin, ta Ama Birjiñari asko nai zion galdetu zion. Ai! Asko naiko eztiot bada, nere ama maitea bada? Santuak esan zion. Bereala Ama Birjiñaren sugar amorosoak santua artu zuten, ta au beregana biurtzea A Sa maisuari ondo kosta zitzaion.

       Konpañian sartu zan ezkero, Jesus, ta Maria beste aita, edo amarik nai etzuen, ez eta lurrekoen gauzarik aditu ere. Aren izketak zeruko gauzen gañean ziran beti: eta bere modestia birjinalaz batean txit berariazko grazia Jainkoak eman zion, egokiro, ta guztien gustora ederki itz egiteko. Baña santutxoaren gustorik andiena ama santisimaren egzelenzien gañean itz egitea zan, eta onetan bere parerik etzuen. Eztizko erregaloetan zegoen orduan. Ori lagun  guziak ondo ziekiten; eta aren konsuelorako, ta guzien probetxurako, Ama Birjiñaren gauzaren bat berariaz asitzen zuten, aingeru bat egiñik Estanislao aditzeko. Bere Ama santisimagandik seme maiteak bezala, nai zuen guzia alkanzatzen zuen. Orregatik nobizioen maisuak esan oi zuen: Omnipotentea da Estanislao, edo nai duen guzia bere eskuan dauka. Orregatik beste nobizioak beren eskari, edo memorialak Estanislaoren eskuetatik, edo onen bitartez, Ama Birjiñari, ta Jainkoari presentatu nai oi zituzten.

       Bere Santidade andiagatik maisuak, eta nobizioak onela begiratzen zioten: eta beste marabillen artean miragarria da nobizio, berearen adiskide bati gertatu zitzaiona. Onek Jainkoa bere biotz guztiaz amatu, ta serbitu nai zuen; baña tentazio gogor batek txit agitz aflijitzen zuen, eta ori ezin kendurik txit estuan zegoen. Orazio, diziplina, zilizio, ta beste penitenzia asko egiten zituen; baña ezin libratu zan. Azkenik Estanislaoren birtute, ta poderioa ondo ziekienak bezala, santuari bere animako pena guzia kontatu zion. stanislaok orduan bere adiskide ori artu, ta Ama Birjiñaren aldarera eraman zuen: aren aurrean biak orazioan jarri ziran: eta Estanislaok bere Ama maiteari begiratzea, ta laguna tentaziotik libratzea, guztia bat izan zan: eta anima aflijitu ura sosegu andian, ta Jaunaren pakean betiko geratu zan.

       Santutxoak onela guztien begiak, eta biotzak miragarrizko bere bizitzaz bereganatzen, ta etxizatzen zituen lurrean; baña Jainkoak bere prenda, ta joia estimatua bezala, berekin nai zuen zeruan. Jende gazteen, da nobizioen ispillu biziaren aingeruzko ofizioa txit ederkiro egin zuen, ta nobiziaduko amar illabete kunplitu baño len, zerua Estanislaoz zaletu, edo enamoratu zan ta Jaunak bere gloriara eraman zuen: Zerurako sazoi ederrean Estanislao arkitzen zan, ta Jesus maiteak eta bere amak beren zeruko Konpañian ikusi nai zuten.

 

 

Santuaren eriotza, ta milagroak

 

       Abustuaren lenengo egunean aita Canisio maisu andi, ta Estanislaoren ezagunak platika ferboroso bat nobizioai egin zien, ta ori aditu ta bereala santutxoak, lurreko kateetatik libratu, ta zerurako egoak artu nai izan zituen: egun aietan lagunai esaten zien, arentzat platika ura izan zala, ta ala iltzeko, ta zerurako prestatu nai zuela. S. Lorenzo bisperan diziplina errefitorioan artu, ta padre, ta nobizioai oñetan mun egiten umildade guziaz ibilli zan: bere kulpak esan, ta limosnaz eskatu, ta mai pean jan zuen. Penitenzia andiagoak egin nai zituen; baña maisuak larga etzion. S. Borja jeneralak illoroko santuak gure bitartekotzat artzea guztioi ipiñi zigun, eta Estanislaori S. Lorenzo ill onetan gertatu zitzaion.

       Gau artan Jaunaren amorioz, ta Ama santisima zeruan ikusteko deseoz itsutua bezala, erreparorik ezertan arkitu gabe, karta guziz amoroso bat bere Ama maiteari eskribitu zion: biotz guztitik eskatzen zion bere Asunzio, ta Koroazioa zeruko glorian zelebratzera, arren eraman zezala. S. Lorenzo egunean komulgatzeko, Ama Birjiñaren memorial, edo karta ori kolkoan eraman zuen: eta Jesus dibinoa komunioan artu, graziak eman, ta Ama santisimari amorezko egoakin bere biotza, ta karta bialdu ziozkan. Egun artan lizenzia eskatu, ta sukaldean laguntzera joan zan. Ango sua ikusi, ta S. Lorenzoren, parrilletako tormentura bereala igaro zan: ta aren amorio dibinoan pensatzen zegoela, amorezko suak, eta garrak artu zuten, ta bertan santutxoa korde gabe gelditu zan.

       Oiera bereala eraman zuten, ta bere kordera zanean, zeruko berri onak, eta mandatua zuenak bezala, klaro esan zuen: Nik onetatik ill bear det: emendik jaikiko ez naiz. Nere Ama santisimaren festa zelebratzera joan bear det. Ala izan zan. Medikuak ezer etzala zioten, baña santuak, baietz, eta sakramentuak bereala estu eskatu zituen, ta aingeru baten gisa artu zituen debozio txit andiaz. Aita erretoreari eskatu zion, lurrean illtzen arren utzi ziozala, eta azkenik bere eskari ta erregu umillakin koltxoi, edo oial batean lurrean santisimoa artu, ta ari bere anima eder garbia sekulako ematea logratu zuen. Onela Jaunari graziak eman, da izketa txit gozo, edo kolokio amorosoak ala Jesus onari, nola Ama maiteari egin ziezten, eta an zeudenak aren debozioaz admiratzen, ta txoratzen ziran.

       Oleazioa berak eskatu, ta artu, ta ledaniak ederki berak eranzunaz enzun zituen: A, erretoreak esan zion: ea prest, eta Jaunaren borondatearekin batean zegoen? Zeruko modura. Santutxoak eranzun zion: Paratum cor meum Deus, paratum cor meum: prest dago, Jauna, nere biotza: zure borondatea egiteko prest dago. Gero estasis andi batean luzaro egon zan; eta birjiñen erregiña bere Ama maitetsua, birjiña eder askorekin bisitatzera etorri zitzaion, ta arpegi txit alegere batekin egon zan: eta beregan zegoela, Asunzio goizeko irugarren orduan pake gozoan gelditu zan: eta zerura joan, edo ill ta ere, bizia bezala zegoen. Onela Ama Birjiñak Estanislao laztana bere Koroazioa zelebratzera zerura eraman zuen: onelako egunean zeruko Erregeak bere santutxoa gloriaz ta onraz koroatu zuen.

       Zeruan betiro bizitzeko lurrean iltzan, milla ta bosteun ta irurogei ta zortzigarren urtean: amazazpi urte, ta bederatzi illak beteak zituela, ta amar illa beteko nobizioa zala. S. Estanislao izandu zan Erroman S. Andresen gure nobiziaduan lenengo iltzan nobizioa. Jaunaren gloria, ta gure onra andia: zerurako primizia estimagarria, ta estreña paregabea. Beste Relijio santuen artean eztakigu, zeñek Erromako, edo bestetako beren nobizioen artean, aurrena iltzana, S. Estanislao bezala, santu kanonizatua daukan. S. Francisco Sales suabeak dio, Estanislao Jainkoaren amorioz iltzala, edo amorezko miñak akabatu zuela.

       Ill da bereala santu onen ospe, edo famak alde guzietara bolatu zuen: alakoa zan aren santidadearen usai gozoa; eta alakoak ziran egunoroko Estanislaoren milagroak. Bigarren urteko santutzat jendeak artu, ta iduki zuten. Bere debotoakin mirari andiak egiten zituen: oien artean andiena bezala esan diteke, anaia Paulo bere persegidorearen egiazko konbersioa. Au Jainkoagana txit biurtu zan: bere Estanislao onela ikusi, ta penitenzia andia, ta biziera santu bat artu zuen, Jaunaren piedadea, ta pekatuen barkazioa, anaia bitarteko zuela billatu nai zuen. Santua aldarean ikusi, ta negar, da deadar egiten zion: aren aurrean belauniko, ta odolezko azoteakin bere burua urratzen zuen. Nere anai santua, esaten zion: anai santu maitea! Zure persegidore oni barka zaiozu: eta nigatik erregu ezazu. Barka zadazu niri: niri, ainbeste golpe, ta tratu gaisto zuri eman nizun oni. O! zer milagro andiagorik! Onela Paulo bizi izan zan, ta anaia santua bezala, Konpañian sartzeko lizenziarekin zerura zan.

       Estanislao kanonizatzeko prozesoak Italian, Polonian, Alemanian, Españan, Franzian, ta leku askotan egin ziran; eta bere lagunak, ezagunak, ta beste askok aren milagroak ikusi, ta aren faboreak artu, ta kontatzen zituzten. Santua gordea, baztertxoan sartua, erretiroan eskutatua bezala bizitzan egon zan: baña ill da bereala aren umildadearen gloria, eta marabillen usa suabea agertu, ta banatu zan. Nola guztia beretzat bizitzan izan zan, ala ill ezkero guztientzat guztia egin da. Santua zerura, ta bereala aren bizitzako libru bi, birtute, ta milagroen gañean irten ziran. Oiek egunoro, ta geiago, ta andiagoak ziran. Marabilla oiek aditu, ta ikusi, ta Aita Santu Urbano 8ak esan zuen: «Estanislao gastetxoa, da aur txiki bat; baña santu txit andi bat».

       Onen bizitzak diotenez, Erromatik asi, ta leku guzietan bere debotoen fabore animako peligroetan, da gorputzeko gaitzetan, milagro guziz asko, ta txit miragarriak santuak egin ditu. Milagro asko aurgitetik gaizki zeudenakin. Milagro asko peste edo izaurriaren peligroetan. Milagro asko sualdi, inzendio edo erretzeko peligroetan. Milagro asko Poloniako bere erreinoa anparatzen: eta patroi poderosoa bezala turkoen, da beste etsaien kontra S. Estanislao gloriosoa airean bereen fabore ikusi izan da. Milagroak eriak sendatzen, ta illai bizia ematen: asko resuzitatu ditu: emezortzi esan oi da: eta onelako beste prodijio asko. Eta ona, irakurlea, gazteen ispillu eder zerukoa. Ona denbora gutxian zeru asko, ta gloria andia irabazteko bidea. Ona zeruagatik gurasoak, ta lurreko gauzak utzitzeko ejenplo ederra. Ona Jaunaren bokazio, edo deiari ondo eranzuteko, ta orregatik neke guziak igarotzeko, eta bizitza, ta eriotza santu bat egiteko lezioa: S. Estanislaori bere birtuteetan zuk jarraitu lurrean, aren lagun zu izateko zeruko glorian. Amen.

 

 

SAN LUIS. GONZAGAREN BEDERATZIURRENA

 

       Debozio onetan besteetan bezala, obsekio, edo amoriozko señaleak egiten dira. Oiek dira bederatzi egunetatik batean, edo asitzeko, ta asakatzeko egunetan konfesatu, ta komulgatzea, limosnaren bat, eta penitenziaren bat, ta orrela besteak egitea, santuaren onran. Ziñatu, ta beti kontrizioko aktua egin, ta egunoroko orazioarekin asitzen da onela.

 

 

Egunoro asitzeko orazioa

 

       San Luis Gonzaga gloriosoak Jesusen Konpañiako aingeru milagrosoa, ta jende gazteen bitarteko poderosoa. Baldin Jainkoaren gloriarako, ta zure onrarako bada, bederatziurren onetan guk eskatzen deguna, alkanza zaguzu grazia ori; ta ezperen gure salbaziorako bearren degun guztia.

 

 

Lenego eguneko orazioa

 

       Jesus maite, zure santuetan miragarria, S. Luis zure santuen lore ederra, añ gazterik, zure misterio dibinoen, zeruko fede, ta argi biziaz apañdu zenduena. Arren iguzu, Jauna, santutxo oni eman ziñion fede bizi debozioz bete bat, S. Luisek bezala, Relijioko misterioak ondo ezagutu; ta sinisten deguna, ark bezala gure obretan beti gordetzeko; eta bederatziurren onetan eskatzen degun faborea, gure salbaziorako baldin bada. Amen.

       Gero iru Pater-noster, Abe-Maria, ta Gloria.

 

 

Egunoroko orazioa

 

       San Luis, prinzipe, ta jaun andi Jainkoak egin zinduena, eta lurreko anditasun, da ondasunak, ezer ez bezala largarik zeruko prinzipe milagroso izateko, Ama Birjiñak seme laztanari bezala, Jesus bere semearen Konpañian sartzea agindu zizuna. O mirarizko aingeru, Relijioko zure sei urteetan Jesus maisu dibinoari, bere pobreza, umildade, mortifikazio, ta amorioan, añ gogotik jarraitu ziñiona! Birtute guzien ispillu eder zure anima egin zenduen, ta aingeru gisa egaka zerura igo, ta zure debotoak mundu guzian milagroz betetzen asi ziñan. Atsegin andi bat degu, zu orren glorioso ikusteaz: eta bada guk ere, zure adiskide debotoen artean sartu nai degu. Arren izan zaite, o S. Luis maitea, Jainkoaren aurrean, gure bitarteko poderoso, zure birtuteetan orañ jarraitu, ta beraren grazian bizi, ta eriotza on bat zure anparoan logra dezagun: eta bederatziurren onetan eskatzen degun faborea, gure salbaziorako baldin bada. Amen.

       Emen, fede, ta konfianza andiaz bakoitzak Jaunari bere biotza jaso, ta S. Luis bitarteko arturik, nai duen, edo bearren duen faborea eskatuko du: eta gero esaten da azkeneko.

 

 

Orazioa

 

       Jesus amoroso, zure ama santisimaren konsejuz, S. Luis gozoa zure Konpañiara ekarri, ta bere gorputz  ta animako garbitasunean aingeruen antzekoa, ta zure amaren debozioan, ta aldareko sakramentu, edo zure biotzeko amorioan santuen artean txit señalatua, ta gazteen ispillu ederra egin zenduena. Gure animetako garbitasuna, ta zurekin zure amaren egiazko debozioa, arren iguzu, S. Luisek bezala, guk ere zu beti serbitzeko, ta arekin zeruan alabatzeko. Amen.

       Edo debozioaz naiago badezu, era onetan esazu.

       Aña. S. Luisek mundua, ta lurreko gauzak utzirik, guzien gañean jarririk, egiazko ondasunak obra onakin zeruan gorde zituen.

       Jaunak bide zuzenetatik Luis eraman zuen.

       Eta Jainkoaren erreinoa erakutsi zion.

 

 

Orazioa

       Gure Jainko ondasunen emallea, zeruko doaiez santuak betetzen dituzuna: eta miragarrizko inozenzia arrigarrizko penitenziarekin aingeru S. Luisegan batu zenduena. Onen meritu, ta erreguakgatik iguzu, bere inozenzian jarraitu eztiogunok, egiazko penitenzian jarraitzeko grazia. Amen.

       Beste egunetan orobat, ezpada bigarren orazioa, ta da urrengoetatik bat.

 

 

Bigarren eguneko orazioa

 

       Jesus maite zure santuetan miragarria, S. Luis zure santuen lore ederra añ gazterik zeruko ondasunen, ta zure gloriaren esperanza firmeaz apañdu zenduena. Arren iguzu, Jauna, santutxo oni bezalako esperanza andi bat: bizitza santu batekin zure ondasunak bakarrik, S. Luisek bezala billatzeko, eta gure obra onakin zure promesen diña izateko: eta bederatziurren onetan eskatzen degun faborea, gure salbaziorako baldin bada. Amen.

 

 

Irugarren eguneko orazioa

 

       Jesus maite zure santuetan miragarria, S. Luis zure santuen lore ederra añ gazterik zure ontasun fingabearen amorio irazaki gozoaz apañdu zenduena. Arren iguzu, Jauna, santutxo oni bezalako zure amorio guztizko bat, guk ere zu, gure Jainko bakar guztiz ona, gauza guzien gañean, ta biotz guztitik, S. Luisek bezala, beti amatzeko: eta bederatziurren onetan eskatzen degun faborea, gure salbaziorako baldin bada. Amen.

 

 

Laugarren eguneko orazioa

 

       Jesus maite zure santuetan miragarria, S. Luis zure santuen lore ederra añ gazterik zure amore dibinoak bere projimoen egiazko karidaderik bizienaz apañdu zuena. Arren iguzu Jauna, santutxo oni bezalako gure projimoen karidadea, S. Luisek aiekgatik bere bizia pozik eman zuen bezala, guk ere, ill arteraño projimoak zugatik amatzeko. Eta bederatziurren onetan eskatzen degun faborea, gure salbaziorako baldin bada. Amen.

 

 

Bostgarren eguneko orazioa

 

       Jesus maite zure santuetan miragarria, S. Luis zure santuen lore ederra añ gazterik pazienzian zure antzekoa egin, eta zuk nai ziñituen gurutzeak zure ondoren biotz onaz eramateko apañdu zenduena. Arren iguzu, Jauna, santutxo oni bezalako pazienzia sendo bat, lurreko neke, ta gurutzeakin, zure ondoren, S. Luis bezala ibilli, ta zeruko gloria irabazteko: eta bederatziurren onetan eskatzen degun faborea, gure salbaziorako baldin bada. Amen.

 

 

Seigarren eguneko orazioa

 

       Jesus maite zure santuetan miragarria, S. Luis zure santuen lore ederra añ gazterik orazioaren doai dibinoaz apañdu zenduena. Arren iguzu Jauna, santutxo oni bezalako, orazioaren argi, ta grazia, biotzetik, eta debozio guztiaz, S. Luisek bezala, beti orazioa egiteko, ta zeruko giltza onekin zuri ondo eskatuaz, zure ondasunen ateak idiki, ta bear deguna alkanzatzeko: eta bederatziurren onetan eskatzen degun faborea, gure salbaziorako baldin bada. Amen.

 

 

Zazpigarren eguneko orazioa

 

       Jesus maite zure santuetan miragarria, S. Luis zure santuen lore ederra añ gazterik arrigarrizko penitenzia, ta mortifikazioaren espirituaz apañdu zenduena. Arren iguzu, Jauna, gure pekatuen penitenzia egiteko santutxo oni bezalako indarra, eragabeko gure gogo, ta pasio gaistoak, zure graziaz, S. Luisek bezala, beti ukatu, ta zuk naizun bezala, zure borondateari sujetatzeko: eta bederatziurren onetan eskatzen degun faborea, gure salbaziorako baldin bada. Amen.

 

 

Zortzigarren eguneko orazioa

 

       Jesus maite zure santuetan miragarria, S. Luis zure santuen lore ederra añ gazterik aldareko sakramentuaren amorio dibinoaz apañdu zenduena. Arren iguzu, Jauna, sakramentu adoragarri onen ta zure biotzeko amore ondogabearen egiazko ezaguera, ta amorioa S. Luisek bezala zure biotz dibinoa askotan bisitatu, ta zure aldarean beti adoratzeko: eta bederatziurren onetan eskatzen degun faborea, gure salbaziorako baldin bada. Amen.

 

 

Bederatzigarren eguneko orazioa

 

       Jesus maite zure santuetan miragarria, S. Luis zure santuen lore ederra añ gazterik zure ama santisimaren debozio, ta amore paregabeaz apañdu zenduena. Arren iguzu, Jauna, santutxo oni bezalako zure eskojituen doai, ta señale au: eta nola Birjiña Amak seme erregalatuaren izenarekin, S. Luis zure Konpañiara deitu zuen: ala gu ere zure amak bere mantupean artu, ta zure amoriora ekarri gaitzan: eta bederatziurren onetan eskatzen degun faborea, gure salbaziorako baldin bada. Amen.

 

 

SAN ESTANISLAO KOSKA, JESUSEN KONPAÑIAKO NOBIZIOAREN BEDERATZIURRENA

 

Beste debozioetan bezala, ziñatu, kontrizioko aktua egin, ta

 

EGUNORO ASITZEKO ORAZIOA

 

       San Estanislao gloriosoa, Poloniako aingerua, ta Jesusen Konpañiako serafin gozoa: Jainkoaren gloriarako, ta zure onrarako baldin bada, egun oietan guk eskatzen deguna: alkanza zaguzu Jaunagandik grazia ori; ta ezperen gure eskaria zuzen ezazu, ta eska zaiozu berari gure salbaziorako ondoen dagokigun guztia.

 

 

Lenengo eguneko orazioa

 

       Aingeru guzien Jauna, zeñai gizonak gordetzea zure ontasunak agindu dien: Espiritu soberano oien merezimentuak ofrezitzen dizkizugu, ta Estanislao nobizio santutxoarenak, zeña animan, ta gorputzean aingeru eder garbi egin zenduen, eta Poloniako erreinoaren aingeru goardiakoa. Onen bitartez gure animako garbitasuna arren iguzu, eta egun oietan eskatzen degun faborea, gure onerako baldin bada. Amen.

 

       Iru Pater-noster, Abe Maria ta Gloria: eta gero esaten da:

 

 

Egunoroko orazioa

 

       San Estanislao, Jesusen Konpañiako nobizio miragarria, gazteen zeruko ispillu garbia, ta Jainkoak bere doaiaz apañdu zinduena: bada bere Konpañian sartzeko deseo irazaki bat eman zizun: eta ditxa ori neke andien kostuan logratzeko egarri bizi bat, aldareko sakramentuaren esan al baño amore andiago bat, paregabeko Ama Birjiñaren debozio gozo bat: ta umildade, pazienzia, ta beste birtuteaz bete zinduen. Jainkoak zure anima zerurako lasterka prestatzeko eman ziozkan doai eder oiekgatik, arren lagun zaguzu birtute orietan zuri beti jarraitzeko, pakezko bizi on bat, ta Jaunaren amorean, ta zure anparoan eriotza on bat egiteko, eta egun oietan eskatzen degun faborea gure salbaziorako baldin bada. Amen.

 

       Emen fede, ta konfianza guziaz bakoitzak Jaunari bere biotza jaso, ta S. Estanislao bitarteko arturik, aien duen faborea eskatzen du. Gero esaten da azkeneko orazioa.

 

       Aña: Jaunaren aingeruak Estanislaori zeruko janari dibinoa ekarri, ta esan zion: ea, jan ezazu, orañdik bide luzea daukazu.

       Janariaz indar dibinoa artu zuen.

       Eta bere biajea txit ondo egin zuen.

 

 

Orazioa

 

       Jaun soberano zure Estanislao maitea bere bidean aingeruaren eskutik zure sakramentu dibinoaz erregalatu zenduena. Aren biotzeko garbitasuna imitatzeko arren iguzu grazia, zure amorezko sakramentua artzeko diña egin gaitean, eta onen bidez zeruko bizitzaren bidean beti ibilli gaitean. Amen.

 

       Beste egunetan orobat egiten da, ezpada.

       Bigarren orazioa, eta da urrengoetatik bat.

 

 

Bigarren eguneko orazioa

 

       Arkanjel guzien jauna, zeñai zure gloriako egitekorik andienak agintzen dieztezun. Oien merezimentuak ofrezitzen dizkitzugu, eta zure Estanislao nobizio santutxoarenak, zeñak bere bizitzan, eta orañ zerutik zure gloriarik andiena beti billatzen duen: onen bitartez eskatzen dizugu, gure gauza guzietan zure borondate santua guk beti billatzeko grazia eta egun oietan eskatzen degun faborea, gure onerako baldin bada. Amen.

 

 

Irugarren eguneko orazioa

 

       Aingeru prinzipaduen Jauna, zeñai erreinoetako kontua, ta anparoa agintzen diezun. Orien merezimentuak ofrezitzen dizkitzugu, eta zure Estanislao nobizio santutxoarenak, zeña Poloniako erreinoaren gobernari, ta bitarteko egin zenduen: eta onegatik gure animako erreinoa, ta onen alegin, ta gauzak zure legean ondo gobernatzeko grazia iguzu, ta egun oietan eskatzen degun faborea, gure onerako baldin bada. Amen.

 

 

Laugarren eguneko orazioa

 

       Aingeru potestadeen Jauna; zeñai deabruak sujetatzeko poderio txit andia eman ziñien. Orien merezimentuak ofrezitzen dizkitzugu, eta zure Estanislao nobizio santutxoarenak, zeñak Jesusen izenarekin deabruak ondatzen zituen: eta onegatik gure etsaien tentazio guztiak kentzeko grazia iguzu, eta egun oietan eskatzen degun faborea, gure onerako baldin bada. Amen.

 

 

Bostgarren eguneko orazioa

 

       Aingeru birtuteen Jauna, zeñak zure graziaz milagro andiak egiteko eskua daukaten. Orien merezimentuak ofrezitzen dizkitzugu, eta zure Estanislao nobizio santutxoarenak, zeñak milagro asko, ta txit andiak zure gloriarako egin dituen; eta onegatik eskatzen dizugu, gure pasio, ta inklinazio gaistoak zure borondateari sujetatzeko grazia, eta egun oietan eskatzen degun faborea, gure onerako baldin bada. Amen.

 

 

Seigarren eguneko orazioa

 

       Aingeru dominazioen Jauna, zeñak beste aingeruen gañean daudela, gauza guzietan zure borondateari beti sujeto dauden. Orien merezimentuak ofrezitzen dizkitzugu, eta zure Estanislao nobizio santutxoarenak, zeñak zuri jarraitzeagatik, ta zure Konpañian sartzeko alako obedienzia iduki zuen; eta onegatik eskatzen dizugu zure lege santua gordetzeko bear degun obedienzia: eta egun oietan eskatzen degun faborea, gure onerako baldin bada. Amen.

 

 

Zazpigarren eguneko orazioa

 

       Aingeru tronoen Jauna, zeñetan zure gloriako, ta atsegiñeko jarlekua daukazun. Orien merezimentuak ofrezitzen dizkitzugu, eta zure Estanislao nobizio santutxoarenak, zeñaren biotz garbian atsegin guziz andia zeneukan: eta onegatik eskatzen dizugu, gure animako garbitasuna, zuri gure bizitzan gustoa eman, ta zugan gure atsegiñ guztia izan dedin: eta egun oietan eskatzen degun faborea, gure salbaziorako baldin bada. Amen.

 

 

Zortzigarren eguneko orazioa

 

       Aingeru kerubiñen Jauna, zeñak zure jakinduriaz bete, ta apañdurik dauden. Orien merezimentuak ofrezitzen dizkitzugu, eta zure Estanislao nobizio santutxoarenak zeñak bere orazioan, da zure kontenplazioan jakinduria dibinoa artu zuen: eta onegatik eskatzen dizugu zure egiazko jakintasuna, edo zu ondo ezagutzea: eta egun oietan eskatzen degun faborea, gure onerako baldin bada. Amen.

 

 

Bederatzigarren eguneko orazioa

 

       Aingeru serafiñen Jauna, zeñak zure amore dibinoaz irazakirik beti amatzen zaituzten. Orien merezimentuak ofrezitzen dizkitzugu, eta zure Estanislao nobizio santutxoarenak, zeña zure amorio gozoan erre urtu, ta ill arteraño desegin zan: eta onegatik eskatzen dizugu zu gure Jainko maite bakarra gure biotz guztitik orañ, ta beti amatzeko grazia; eta egun oietan eskatzen degun faborea, gure salbaziorako baldin bada. Amen.